Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Egur Sportek antolatutako Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketan final laurdenak daude jokoan. Orain arte txapelketan 12 biko aritu dira lanean, lau multzotan banatuta, eta multzo bakoitzeko bi biko onenek lortu dute final laurdenetarako sailkatzea. Tartean daude Floren Nazabal eta Arkaitz Jauregi. Nazabalek berak proposatu zuen Jauregirekin aritzea. Ongi elkar ulertzen dute eta maisu eta ikasle dira, Lezeko Arkaitz Jauregi Sakanako Aizkora Eskolan formatu baita. Orain arte maila txukuna erakutsi dute, Jauregik bereziki, aizkoran duela gutxi hasi zela kontuan hartuta, baina oraindik zer hobetu badu arabarrak. Bada, Nazabalek eta Jauregik aurkari gogorrak izanen dituzte bihar, larunbatean, 19:00etatik aurrera Donezteben jokatuko den final laurdenetako jaialdian: Anjel Arrospide eta Ander Erasun.Moztu beharrekoaBiko bakoitzak guztira 6 proba osatu beharko ditu: aizkolari bakoitzak 45 ontzakoa erdibitu beharko du kolpeka; zutik dagoen 60 ontzakoa erdibitu beharko dute, txanda librean; erlojuaren kontra 45 ontzakoa ebaki beharko du aizkolari bakoitzak; zutik eta etzanda dauden 45 ontzako bi enborretan, aizkolari batek bertikala moztu beharko du eta besteak horizontala; abiadura proban 60 ontzako bi enbor moztu beharko dira, aizkolari bakoitzak bana; eta bukatzeko, erdiluze lana: 54 ontzako 4 enbor eta 60 ontzako bi enbor erdibitu beharko dituzte, txanda librean. Bi bikoak nahiko paretsu datoz txapelketara. Nazabal da faboritoa, baina gazteen artean Ander Erasunek Arkaitz Jauregik baino eskarmentu gehiago dauka. Baina etxarriarrak eta arabarrak izan dute tartea entrenatzeko. Hortaz, pil-pilean dago lehia eta ikusi beharko da zein bikok lortzen duen finalerdietara sailkatzea. Ea gureak diren.