Espetxetako bisitan "tratu duina" eskatu dute

Guaixe 2010eko otsailaren 10a

Azkenaldian espetxe barruko aurrez aurreko bisitetara joaten diren senideak miatu nahi izaten dituzte espetxezainek. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) "senide presoekin bisitaldiak egin ahal izateko miaketa zorrotzak egin izana irmoki" salatu du. Espetxeetarako bidaietan miaketa, itaunketa edota kontrol bidez senideen kontrako "jazarpena areagotu" dela salatu du AAMk. Horregatik, "presoekin bisitaldiak baldintza duinetan izan daitezen" exijitu du AAMk. Horrekin batera eskatu du "presoak eta baita bisitetara doazen euren senideak errespetuz eta duin tratatuak" izan daitezela. Aldi berean, AAMk miaketa horiek bertan behera uzteko eskatuz eta tratu duin baterako eskubidea aldarrikatuz sinadura bilketari ekin dio. Bildutako sinadurak Espainiako espetxeen kudeaketaz arduratzen den erakundeari bidaliko zaizkio. Horretaz aparte, AAMk hurrengo bi astetan ere beste sinadura bilketa eginen du. Eskaera berdinak, baina hartzaileak presoak dauden espetxeetako zuzendariak izanen dira. Bestalde, gogorarazi hilabete honetan presoak aurrez aurreko bisitarik gabe egonen direla.