Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Floren Nazabalek eta Arkaitz Jauregik Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako finalerdietara pasatzeko txartela lortu zuten larunbatean Donezteben, Anjel Arrospideri eta Ander Erasuni irabazi eta gero. Finalerdietan Donato eta Oihan Larretxea aita-semeen kontra aritu beharko dira. Beste finalerdirako Rekondo eta Atutxa daude sailkatuta, baina oraindik ere erabakitzeko dago noren kontra ariko diren, jokatzeko baitago Etxebeste-Olasagastiren eta Arria-Txapartegiren arteko final laurdena. Emozio handikoa izan zen Nazabal-Jauregiren eta Arrospide-Erasunen arteko lehia. Sei proba zeuden jokoan eta lehendabiziko bostetan Arrospide eta Erasun nagusitu ziren. 45 ontzakoa kolpeka erdibitzeko lehian 31 kolpetan moztu zuten enborra eta biko aldea atera zioten Nazabali eta Jauregiri. 60 ontzakoa zutik mozteko lanetan, irabazleek 2:25eko denbora behar izan zuten eta besteek 10 segundo gehiago. Hirugarren lanean bi 45 ontzako moztu behar ziren eta 1:32koa izan zen Arrospide eta Erasunen lana; sei segundo atera zizkioten Etxarrikoari eta Lezekoari. Ondoren 45 ontzako bat zutik eta bestea etzanda ebakitzea zen egitekoa. Arrospidek eta Erasunek 1:48an despeditu zuten eta tarte dexentea atera zieten Nazabali eta Jauregiri (2:03ra). Eta bosgarren lanean, bi 60 ontzako erdibitu behar zituzten eta bi bikoek denbora bera egin zuten, 5:25. Hortaz, abantailarekin heldu ziren Arrospide eta Erasun azkeneko lanera, lan luzera. Lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten, eta hor nagusitasun handiz gailendu ziren Etxarriarra eta Lezekoa (11:02), lan luzeetan hobeto ibiltzen direla demostratuz. Aipatzekoa da biek, baina bereziki Florenek lan bikaina egin zuela. Arrospidek eta Erasunek nabarmen egin zuten behera, eta minutu pasa gehiago behar izan zuten (12:20). Horrela, lan guztiak zenbatuz, Nazabalek eta Jauregik 23 minutu eta 16 segundo behar izan zituzten, eta Arrospidek eta Erasunek 24 minutu eta segundo bat. Larretxeatarrak, arerio latzakHorrela, Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako finalerdietara sailkatzea lortu dute Floren Nazabalek eta Arkaitz Jauregik. Finalerdietan Donato Larretxea eta Oihan Larretxea aita-semeen kontra aritu beharko dute. Lehia igandean jokatuko da, otsailaren 14an, Arabako Espejo herrian eguerdian antolatutako jaialdian. Guztira sei lan egin beharko dituzte. Lehendabiziko bostak final laurdenetakoak bezala izango dira, baina azkenekoan, lan luzean, bi kana-erdiko eta lau 60 ontzako erdibitu beharko dituzte. Nazabal eta Jauregi, maisua eta ikaslea, ongi moldatu dira orain arte, baina Larretxeatarrak arerio oso latzak dira eta Urrezko Binakakoan bikain aritu dira orain arte. Hortaz, ikusmira handia da eta ikusi beharko da zer gertatzen den Espejon. Zilarrezko mailan Erdozia eta Saralegi II.ak ez dute aurrera eginJuanjoxe Erdozia etxarriarra eta Eneko Saralegi, Saralegi II.a Zilarrezko Aizkora Txapelketatik kanpo geratu dira, final laurdenetan Kañamares anaien kontra galdu eta gero. Bost lan osatu behar zituzten eta guztiak egiteko Kañamares anaiek 13 minutu eta 18 segundo behar izan zituzten. Aldiz, Erdoziak eta Saralegi II.ak minutu bat eta 36 segundo gehiago (14:54).