Eskuz Binakakoa. Hirugarren garaipena Xala eta Zubietarendako

Guaixe 2010eko otsailaren 8a

Partida gogor eta lehiatuan Yves Salaberri Xalak eta Aitor Zubieta etxarriarrak Eskuz Binakako Txapelketako hirugarren garaipena lortu zuten, Oinatz Bengoetxeari eta Iñaki Otxandorenari 22-18 irabazita. Xalak eta Zubietak partida guztian dominatu zuten, jaun eta jabe izan ziren, baina tantoa lortzea, errematatzea, gehiago kosta zitzaien. Akatsa dezente egin zituzten - - Xalak bost eta Zubietak sei- - eta horrek garaipenagatik borrokatzeko aukera eman zien Bengoetxeari eta Otxandorenari. Baina ez zuten lortu. Nahiz eta Otxandorenak defentsa lan ona egin Aitor Zubieta nagusi izan zen atzeko koadroetan eta Xalak partida ona egin zuen. Nahiz eta garaipen azkarra lortuko zutela pentsatu, azkenean kosta egin zitzaien baina hirugarren puntua eskuratzea lortu zuten Xalak eta Zubietak, finalerdietarako sailkatzeko borrokan sartuz. Momentuz Irujok eta Beroizek jokatutako bost partidetatik bostak irabazi dituzte eta Titin eta Pascual, Xala eta Zubieta eta Olaizola II.a-Mendizabal II.a hiru partidatan izan dira garaile. Bina partida irabazi dute bi bikok, Berasaluze VIII-Begino eta Gonzalez-Laskurain, eta partida bana bi bikok: Olaizola I.-Patxi Ruiz eta Bengoetxea VI.a-Beloki. Hortaz, finalerdietara sailkatzeko aukera badute Xalak eta Zubietak, baina astelehenean, inauteritan murgilduta dagoen Tolosan, arerio gogorrak dauzkate zain: Aimar Olaizola eta Oier Mendizabal. Finalerdiak buruan, irabaztera aterako dira bi bikoak eta oso partida gogorra espero da. Nahiz eta Olaizola eta Mendizabal faboritoak izan - sekulako erakustaldia eman zuten astelehenean Titin eta Pascual 16-22 menpean hartuz - , Xala eta Zubieta ez dira makalak, eta txapelketan barna gora egin dute. Ea azken jardunaldietan erakutsitako mailari eutsi eta irabazteko aukera duten. Jaialdia 16:30ean hasiko da eta gauean, Goenkale ondoren eskainiko du ETB 1-ek. Gaurko partidak. Gaur Iruñeko Labriteko jaialdia zabaltzen duen partidan, Ismael Chafeek Peñagarikanorekin osatuko du bikoa, Saralegiren eta Izaren kontra egiteko. Burgosko finalaren atarian geratu zen GorritiFrontisek antolatutako Burgosko Irekiko finalaren atarian geratu zen Jon Gorriti pilotari uhartearra. Mikelekin bikotea osatuta, finalerdietan galdu egin zuten Alvaro Gomezen eta Zabalaren kontra. Hasieran sendo eta ongi hasi ziren Gorriti eta Mikel, baina arerioek partidaren kontrola hartu eta azkenean bi jokotan galdu zuten Gorritik eta Mikelek. Finalean Bengoetxea VII.a eta Altuna nagusitu ziren. Malerrekako Pilota TxapelketaAurrera doa Malerrekako Pilota Txapelketa. Asteburuan kadeteen, gazteen, haurren, benjaminen eta kimuen final laurdenak jokatu ziren. Kadeteetan, Aurrera Saiazeko Zelaiak eta Elustondok 18-13 irabazi zieten Olaztiko Sutegiko Gartziari eta Kintanari, eta gazteetan, Altsasuko Lopezek eta Andoaingo Ulangak 4-18 galdu zuten Ilunpeko Etxanizen eta Aizpururen kontra.