Lehen finalerdiarekin Bertsolari Txapelketa Sakanara

Guaixe 2010eko otsailaren 19a

Nafarroako Bertsolari Txapelketa bigarren fasean sartuko da bihar. Lehen finalerdiarekin, Sakanara iritsiko da 2010eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Etxarri Aranazko kultur etxeak hartuko du lehen kanporaketa, bihar, 17:30ean. Orain arte erantzun ezin hobea eman dute bertsozaleek: entzule asko izan dira lehen fasean, kasuren batean aretoa txiki uzteraino. Beste horrenbeste espero da Sakanan.   BertsolariakBihar sartuko da lehian iazko finalista Julio Soto. Harekin batera, Ander Fuentes Itturri, Estitxu Arozena, Xabier Terreros, Oskar Estanga eta Saioa Alkaiza igoko dira Etxarriko kultur etxeko eszenatokira. Txapela janzteko faboritoen artean daude horietako bi, Julio Soto eta Estitxu Arozena. Sakanako bertsolariek Beleixe irratian adierazi zutenez "Arkaitz Goikoetxearekin batera, horiek dira ziurtasun handiena dutena". Perfil ezberdineko bertsolariak dira. Estitxu Arozena da beteranoena eta, era berean, ibilbide oparoena duena: Nafarroako txapeldun izan zen 1995ean eta 1998an eta Txapelketa Nagusian parte hartu du lau aldiz. Julio Sotok, Ander Fuentesek, Xabier Terrerosek eta Oskar Estangak badakite zer den finalera iristea. Saioa Alkaiza da denetan gazteena. Aurtengoa bigarren txapelketa da iruindarrarendako. Guztiak ere duten guztia emateko prest etorriko dira Etxarri Aranatzera. Hori dute finalerako txartela ziurtatzeko modua.EgitekoakBertsolariek azken-laurdenetako ariketa berak izanen dituzte finalerdietan: binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko handian; binaka, ofizioka hiruna bertso zortziko txikian; binaka, ofizioka hiruna bertso hamarreko txikian; eta, kartzelako lanean, bakarka, hasierako puntua emanda bina bertso zortziko txikian eta bakarka, gaia emanda bina bertso doinu eta neurri librean. Neurri batean zein bestean, barrua hustu beharko dute bertsolariek. FinalaMatxoaren 20an jokatuko da aurtengo finala, Lesakako pilotalekuan. Finalerako sarrerak finalaurrekoetako saio guztietan egongo dira salgai. Baita hilaren 20tik aurrera www.bertsosarrerak.eu web gunean ere. Iazko finalean txiki gelditu zen aretoa, hortaz komeni da lehenbailehen eskuratzea. FinalerdiakOtsailaren 20an, 17:30ean, Etxarri Aranatzen.Julio Soto, Estitxu Arozena, Ander Fuentes Itturri, Xabier Terreros, Oskar Estanga eta Saioa Alkaiza.Otsailaren 27an, 17:30ean, Iruritan.Iñigo Olaetxea, Xabier Legarreta, Julen Zelaieta, Iñaki Aleman, Iñigo Ibarra eta Miel Mari Elosegi Luze.Martxoaren 7an, 17:30ean, Atarrabian.Jon Barberena, Arkaitz Goikoetxea, Eneko Lazkoz, Oier Lakuntza, Jon Elizetxe eta Aimar Karrika.