Xalak eta Zubietak finalerdiak gertu

Guaixe 2010eko otsailaren 16a

Olaizola eta Mendizabali irabazi eta gero, heldu den astelehenean Berasaluze VIII.a eta Begino irabazten badituzte finalerdietarako sailkatuko diraOle, ole eta ole. Xalak eta Aitor Zubieta etxarriarrak lau partida irabazi dituzte jarraian Eskuz Binakako Txapelketan. Lehendabiziko bi lehiak galdu egin zituzten, baina itxura ona emanez, eta azkenean aurkitu dute euren jokoa. Behetik gora egin dute nabarmen. Aitor Zubietak hasieratik primerako maila eman du, baina Xalari kosta egin zitzaion txapelketan sartzea eta neurria hartzea. Baina lortu dute, eta nola. Astelehenean Lekuinekoak eta Etxarri Aranazkoak 18-22 irabazi zieten faboritoak ziren Aimar Olaizola eta Oier Mendizabali. Azken haien alde atera zen dirua, baina Xalak eta Zubietak joko bikaina egin eta jokoan zegoen puntu preziatua bereganatu zuten. Partida gogorra izan zen, oso lehiatua, adituek diotenez txapelketa guztiko onena. Giroa ere aparta zen. 1.100 pilotazalek goitik behera bete zuten Beotibar pilotalekua, eta 200 pilotazale sarrerarik gabe geratu ziren atean. Partida onenaDenetatik izan zuen lehiak: gogortasuna, emozioa, defentsa, eta aurrelarien erremate bikainak. Xalak eta Zubietak Binakako Txapelketan bigarrenez jokatzen zuten Olaizola eta Mendizabalen kontra, itzuliko partida zen, eta lezioa ongi ikasita etorri ziren. Izan ere, lehenengo itzuliko partida gogorrean - ia 1.200 pilotakada izan ziren Mungian - galdu egin zuten Olaizolaren eta Mendizabalen kontra, 22-18. Ongi jokatu zuten, baina partida hartan Xala ez zen oso fin aritu eta astelehenekoan, aldiz, bai; gehiago sartu zen, eta emaitza bera lortu zuten, baina kasu honetan Iparraldekoaren eta etxarriarraren aldekoa. Erasokor jokatu zuten Xalak eta Zubietak eta horrela jokatzen dutenean arrakasta lortzen dute.Aimar Olaizolak eta Mendizabalek ez zuten gaizki jokatu. Bolada ona izan zuten eta tanto ikusgarriak lortu zituzten, baina piloteoan Aspekoek agindu zuten. Atzeko koadroetan ongi aritu ziren bi atzelariak, baina Mendizabalek Zubietaren bizkarra ikusi zuen partida guztian barna. Eutsi, eutsi zuten; baina defentsa ona ez zen nahikoa izan eta horregatik partidak ihes egin zien Asegarcekoei. Bitartean, Xalak asko errematatu zuen eta Zubieta bikain aritu zen atzean. Partidaren azken txanpan Xala eta Zubieta erosoago aritu ziren arerioek aukeratutako pilota batekin, eta horrekin irabazi zuten partida. Olaizolak eta Mendizabalek baina etekin handiagoa atera zioten pilotari. Eta zaleek gozatu ederra hartu zuten, orain arteko partidarik onena izan baitzen. Berasaluze eta Begino zainSeigarren jardunaldia jokatuta, Binakako Txapelketa emozioz josita dago. Irujok eta Beroizek 5 puntu dauzkate eta Titin eta Pascualek eta Xalak eta Zubietak launa. Hiru biko daude hiruna punturekin: Olaizola II.a-Mendizabal II.a, Berasaluze VIII.a-Begino eta Gonzalez-Laskurain. Eta bi biko daude puntu banarekin eta finalerdietara pasatzeko aukerarik gabe: Olaizola I.a-Apraiz eta Bengoetxea VI.a-Beloki. Hortaz Xalak eta Zubietak finalerdietara pasatzeko aukera gertu dute. Ligaxkan geratzen zaizkien bi partidetan puntu bat lortu behar dute, eta astelehenean Berasaluze VIII.ari eta Beginori irabaziz gero, automatikoki sailkatuko lirateke. Elkarren kontra aritzen diren bigarren aldia izango da, itzuliko partida, eta Lekuinekoa eta Etxarrikoa garaipen boladan daude, hazita, pozik. Joaneko Irungo partidan 15-22 irabazi zuten Xalak eta Zubietak, eta ea egoera errepikatu eta finalerdietarako sailkatzen diren. Baina Berasaluze eta Beginok hiru puntu dituzte eta finalerdietarako aukerak izateko irabazi beharrean daude. Hortaz, atzera ere lehia gogor eta estuari egin beharko diete aurre Aspekoek. Partida astelehenean jokatuko da, otsailaren 22an, Tolosako Beotibarren, 16:30ean. ETB 1-ek Goenkale ondoren eskainiko du saioa.