Senideei espetxeetan egiten dizkieten miaketen kontrako sinadurak

Guaixe 2010eko otsailaren 23a

Azken asteetan Amnistiaren Aldeko Mugimendua etxarriarren sinadurak biltzen aritu da. Sinadura eman duten herritarrek Espetxeetako Zuzendaritzari eta herriko presoak dauden espetxeetako zuzendariei eskatu diete "presoak eta baita bisitetara doazen euren senideak ere errespetuz eta duin tratatuak" izan daitezela. Izan ere, urritik aurrez aurreko bisitetara joaten diren senideak miatu nahi izaten dituzte espetxezainek.GertutikJone Lazkoz MaizaBikotea Malagan preso duMiaketa, zer da?Eskuekin zu ukitzea, hau da, igurtzia izatea. Gelatxo batzuetan sartzen zaituzte eta ez da beste senideen aurrean egiten. Emakumeei emakumeek eta gizonei gizonek miatzen gaituzte.Zein da egoera gaur egun?Aldez aurretik miatzen ez bagaituzte ez digute sartzen uzten. Malagan, adibidez, adin txikikoak ez dituzte miatzen, konturatu direlako oso babestuak daudela eta guk ere adin txikikoen epaileengana jo genezakeela. Baina beste espetxe batzuetan adin txikikoak, presoen seme-alabak, ilobak eta miatzen dituzte. Urrian, ez genekienez zer egin behar ziguten eta aurretik Malagan inoiz miatu ez gintuztenez, eta haurrak miatuko ez zituztela esan zigutenez, ez genuen miaketa onartu. Sartu ahal izateko miatu gintuzten. Miaketa oso-oso gogorra izan zen. Lehen metal detektagailutik pasarazi eta gero erraketa ere pasatzen ziguten. Baina, urrian, haietatik pasa aurretik gela batean sartu paretaren kontra jarrarazi eta bi espetxezainek miatzeari ekin zioten. Goitik behera, den-dena, baita oinetako behatz artean ere. Oso egoera gogorra da. Iraindua sentitzen zara. Egun hartan oso jarrera harroputza izan zuten. Preso "arrunt" baten senideak ere miatu zituzten egun hartan. Hain justu euskal presoekin harreman oso ona duelako.Horrekin batera, sinarazi ziguten paper bat zeinetan esaten zen miatzen utzi ginela eta miaketarekin ados geundela. Guk esan genien miaketarekin ez geundela ados. 15 urte daramagula Malagara joaten eta inoiz ez dugula arazorik izan espetxean sartzeko. Ez genuela sinatuko esan genien. Ba hala egin ezean bisitarik ez zela izanen esan ziguten. Dagoeneko miatuak geundenez, sinatu genuen. Gainontzeko bisitetan senideei ez digute paper hori sinatzeko eman. Aldi hartan bakarrik izan zen. Urritik hona zer?Joan izan gara. Beraien jarrera espetxezain taldearen araberakoa da. Astebururo aurrez aurrekoetara doazen senideei miatuak izanen direla esaten diete. Tokatzen zaizunaren arabera miaketa gogorragoa edo leunagoa izan daiteke. Miaketa. Ez daukagu halako egoeretatik pasatu beharra. Halako miaketak egiteko arrazoi bat egon behar du. Indibiduala izan behar du. Miaketa aginduak izen-abizenak eraman behar ditu eta aldez aurretik jakinarazi behar dizute. Halakorik ez dago. Hara goazenean, miatuak izatera ukatzen gara eta, ondorioz, aurrez aurreko bistarik gabe gelditzen gara. Zenbatetan zoazte Malagara?Hilean behin, fijo. Eta batzuetan hamabostean behin. Aurrez aurreko bisita batek zer suposatzen du?Kontaktu fisikoa funtsezkoa da bai harreman batean, bai bikote bezala, nola guraso edo seme bezala. Hori ez izatea suposatzen du haiek bizi duten inkomunikazioa handiagoa izatea. Kalearekiko, senideekiko, lagunekiko duten harremana murriztea. Miaketena erabaki politiko bat da. Ez du inolako oinarri juridikorik. Presoak gehiago isolatzea da helburua. Presoekin asmatu ez duten bidea, orain senideekin saiatu nahi dute. Zergatik erabaki hau momentu honetan?Arrazoi asko egon daitezke. Beti badute zerbait egoera okertzeko. Izan daiteke une politiko berezi bat bizi dugulako. Zein komuzio erregimen dute?Astean 5 minutuko zortzi dei dituzte. Guztiak interbenituak. Astero 40 minutuko bisitak dituzte eta hilean behin bi ordutako aurrez aurrekoa. Beste espetxe batzuetan bi aurrez aurreko izaten dituzte. Guk hiru hilean behin elkarbizitzako aurrez aurrekoa dugu, senidea seme-alabekin egon ahal izateko. 10 urteetaraino dira. Espetxe batzuetan gutunak jaso eta bidaltzeko mugak dituzte. Normalean asteko bi. Malagan ez dute muga hori. Gutunak espetxera iristen direnean 15 egunez erretenituta egoten dira, guztiak fotokopiatzen dituztelako. Etorkizuna, nola?Miaketengatik aurrez aurrekoak galtzen ditugunean espetxean bertan erreklamazioak aurkezten ditugu. Malagako zuzendariak denak erantzun dizkigu eta gaineratzen digu miaketez gain biluztarazi gaitzaketela. Zaintzako epaitegietan ere salaketak jarri izan ditugu. Andaluzia eta Nafarroako Arartekoetara ere bideratu ditugu. Erantzun digute haien eskuduntzako gaia ez dela eta Madrilera bideratzen dituzte salaketa horiek. Handik ez dugu erantzunik jaso. Paperontzian bukatuko dute, baina gutxienez, gure presentzia garbi uztea eta gurekin nahi dutena ez dutela eginen transmititzea. Gizartearen babesa jasotzen ez badugu zaila izanen dugu egoera honetatik ateratzea. Sakabanaketaren hasieran antzeko egoera izan zen eta egindako borrokarekin orain arteko egoera "normal" hau izan dugu. Otsailean presoek aurrez aurrekoei uko egin diete miaketak salatzeko. Herritarrei zer eskatzen diezue senideek?Ekimenetan parte hartzea. Sinadura emateak ez du asko kosta eta asko suposatzen du horrek. Bakoitzak jartzen duen ekarpen txiki horrekin egoera honekin bukatzea lor dezakegu.