Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako finalerdiak ikusgarriak izan ziren. Batetik, eta ezustekoa emanez, Etxebestek eta Olasagastik Rekondo eta Atutxa irabaztea lortu zuten. Eta bestetik, sekulako erakustaldia eman zuten beste finalerdian aritu ziren lau aizkolariek: Floren Nazabal eta Jauregik eta Donato eta Oihan Larretxeak. Kanporaketa oso gogorra izango zela ez zegoen zalantzarik. Eta hala izan zen. Bi bikoak parez-pare aritu ziren, eta emozioa gainezka izan zen uneoro. Floren eta Jauregi ongi aritu ziren; elkar ulertzen dutela agerian zegoen, baina enborrak erdibitzeko azken une hori kosta egiten zitzaien. Larretxea aita-semeak primeran aritu ziren. Aita zen enborra mozteko lehen txanpan aritzen zena eta semeak lana borobiltzen zuen. Parekotasun horren isla, bikote bakoitzak jokoan zeuden sei probetatik hiru bereganatu zituen. Beraz, tarte handiegirik ez zuten ateratzen eta horregatik saio guztietan emozioa pil-pilean izan zen. Jauregi eta Nazabal azkeneko probara, iraupenekora, aurretik sartu ziren, baina gero ezin izan zioten aldeari eutsi. Proba horretan bi kana-erdiko eta lau 60 ontzako erdibitu behar zituzten. Bi bikoak parez-pare aritu ziren, baina Donato eta Oihan Larretxeak aurrea hartzea lortu zuten, Nazabali eta Jauregiri 14 segundoko aldea atereaz. Proba guztietako denborak batuz, Larretxeatarrek 23 minutu eta 19 segundo behar izan zituzten lan guztiak egiteko, eta Jauregik eta Nazabal sei segundo eskas gehiago (23:25). Pena handiarekin, eta oso gutxigatik, bada, Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako finaletik kanpo geratu ziren Jauregi eta Nazabal, nahiz eta askok faborito ikusi. Larretxeatarrek Etxebeste eta Olasagastiren kontra jokatuko dute finala larunbatean, otsailaren 27an, Azpeitian.