Xala eta Zubieta finalerdietan

Guaixe 2010eko otsailaren 23a

Xalak eta Zubietak lan bikaina egin dute Eskuz Binakako lehen faseko ligaxkan. Ez ziren oso fin hasi, lehenengo bi partidak galdu baitzituzten, baina hurrengo bostak bata bestearen atzean irabazi dituzte. Horrela, eta lehen fasea bukatzeko jardunaldi baten faltan, finalerdietarako sailkatzea lortu dute, astelehenean 13-22 hartu baitzituzten menpean Berasaluze VIII.a eta Begino. Txapelketan sartzea kosta egin zitzaien, baina bikoak gora egin du nabarmen, eta bikote sendoa dira. Joko onarekin, elkar ulertze bikainarekin... finalerdietan ere oso kontuan hartzeko bikoa izango da. Asteleheneko lehian, Xalak eta Zubietak ondo asmatu zuten nola jolastu. Biek batera Beginori ez zioten eroso jokatzen utzi eta haren kolpearen eragina murriztu zuten. Aldi berean Berasaluze bakartu zuten, eta Berrizkoak ezer gutxi egin ahal izan zuen. Xala, aldiz, aurreko koadroetan primeran aritu zen. 11 tanto lortu zituen guztira, eta ongi mugitu zuen pilota. Zubieta sendo aritu zen atzean eta bikoaren lana jarraitzea gozamena izan zen. Asegarceko bikoa presionatuta zegoen, galduz gero txapelketan aurrera egiteko apenas aukerarik gabe geratzen baitzen, baina Aspekoen estrategiak bikain funtzionatu zuen eta 13-22 gailentzea lortu zuten. Laugarren bikoa erabakitzekeHiru bikote sailkatu dira, dagoeneko, finalerdietarako: Irujo-Beroiz (6 puntu), Titin III.a-Pascual (5 puntu) eta Xala-Zubieta (5 puntu). Gonzalez-Laskurainek lau puntu dituzte, Olaizola II.a-Mendizabal II.ak eta Berasaluze VIII.a-Beginok hiruna puntu eta Olaizola I.a-Apraizek eta Bengoetxea VI.a-Belokik puntu bana. Asteburuan zortzigarren jardunaldia jokatuko da eta hor erabakiko da nor izanen den aurrera eginen duen laugarren bikoa. Litekeena da Gonzalez-Laskurainek eta Olaizola II.a-Mendizabalek Eibarren jokaturiko partidako irabazlea izatea, baina emaitza guztien konbinazioa eta tanteoak kontuan hartu beharko dira.Xala eta Zubietak jardunaldi lasaia izango dute. Asier Olaizola ordezkatzen duen Saralegiren eta Apraizen kontra aritu beharko dira astelehenean Tolosan, 16:30ean hasiko den jaialdian. Bi bikoek ez dute ezer jokoan - lehenengoak finalerdietara sailkatuta daude eta bigarrenak inolako aukerarik gabe - baina dela ematera aterako direla ez dago zalantzarik. ETB 1ek gauean eskainiko du partida.