Finalerdietan sartu dira Xala eta Zubieta

Guaixe 2010eko martxoaren 2a

Eskuz Binakako Txapelketako lehen fasea despedituta, lau bikok lortu dute finalerdietan aritzeko txartela, eta lauak Aspe enpresakoak dira: Martinez de Irujo-Beroiz (7 puntu), Titin-Pascual (6 puntu) Xala-Zubieta (5 puntu), eta Gonzalez-Laskurain (5 puntu). EPELek binakako txapelketa antolatzen duenetik lehen aldia da enpresa bateko bikoteak bakarrik ariko direla finalerdietako ligaxkan. Aspe jaun eta jabe izan da lehen fasean: jokatutako 32 partidetatik 23 irabazi ditu. Finalerdietako ligaxkan, denak denen kontra aritu beharko dira, eta berezia izango da Aspeko lau bikoak elkarren artean aritzea. Xala eta Aitor Zubieta etxarriarraren kasuan, Titin eta Pascual izanen dituzte aurkari igandean Logroñoko Adarragan, 17:00etatik aurrera. Partida ETB 1-ek eskainiko du zuzenean. Laurek txapelketa bikaina daramate, sasoi betean daude, joko onarekin, eta faboritoak nor diren esatea konplikatua da. Akaso Logroñon jokatzearekin kantxa faktorea alde izango dute Titinek eta Pascualek, baina Xala eta Zubieta bikain moldatzen dira eta oso kontuan hartzeko bikoa da. Txapelketan behetik gora egin dute nabarmen, eta hortaz, Titin eta Pascualen kontrako partida oso gogorra aurreikusten da. Aipatzekoa da Zubieta guztiz osatua egongo dela igandeko partidarako, oso kargatuta eta justu zituen eskuak ongi errekuperatuta. Beraz, has dadila ikuskizuna!Bestalde, Eskuz Binakako hasierako ligaxkako azken jardunaldian, Xalak eta Aitor Zubieta ordezkatzen zuen Arrutik 17-22 galdu zuten Saralegi eta Apraizen kontra. Partidan ez zegoen ezer jokoan, finalerdietarako txartelak erabakiak baitzeuden, baina Xala gogoekin atera zen kantxara, defentsan fin ibili zen, eta erasoan, trebe, guztira 10 tanto eginez. Arrutik ongi jokatu zuen, baina luzeegia egin zitzaion partida. Apraiz bera baino gehiago izan zen, eta Saralegirekin bikain moldatu zen. Izan ere, Amezketakoak erakustaldia eman zuen, bere eguna izan zen astelehena; aurrea hartzen hasi ziren Asegarcekoak, eta bukaeran 17-22 gailendu zuten. Asteburuko lehiakMartinez de Irujo-Beroiz - Gonzalez-Laskurain (larunbatean, 17:00etan, Labriten. Tele 5ek zuzenean eskainiko du).Titin-Pascual - Xala-Zubieta (igandean, 17:00etan, Logroñon. ETB 1ek zuzenean eskainiko du).