Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo Paris-Nizako lehen etapa jokatu zen, Saint Arnoult en Yvelines herrian hasi eta Contresen despeditu zena, 201 kilometrokoa, esprinterrendako aproposa zen etapa laua. Baina eguraldiak ez zuen batere lagundu eta erorketa asko izan ziren, tartean Astanako Alberto Contadorrena, Paris-Niza irabazteko faboritoetako bat. Helmugarako 3 kilometroren faltan lurrera erori eta ezker izterrean ubeldura du, aldakatik gertu. Pintokoak adierazi zuen ez zegoela galdutako denborarekin kezkatuta, baizik eta kolpeak berak kezkatzen zuela eta hurrengo egunean, hau da, gaur, izango zuen minak. Samuel Sanchez eta Levi Leipheimer ere lurrera erori ziren atzoko etapan, tropelaren muturrean posizio egokia hartzeko ziklistek zuten lehiak sortutako tentsioaren ondorioz. Izan ere haizea harrotu zen etapan barna eta hori oso ongi aprobetxatzen jakin zuen Caisse d´Epargnek. Valverderen taldeak helmugatik 23 kilometrora erasoa jo zuen, haizea norabidez aldatu zenean, eta horrek haize-babesa eragin zuen, taldetxoa sortuz. Atzean geratu ziren Contador eta Samuel Sanchez, esaterako. Horrela, aurreko taldetxoa helmugara heldu eta etapa esprintean erabaki zen, Sky taldeko Greg Henderson nagusituz, Bole Galland, Kolobnev eta Valverderen aurrean. Contadorrek 17 segundo galdu zituen. Eta denbora horretan ere sartu ziren Gorka Verdugo etxarriarra, 83.tokian, eta Egoi Martinez, 110.ean. Sailkapen orokorrean Rabobankeko Lars Boom da liderra (4:33:11). Gorka Verdugo 53.a da, minutu batera, eta Egoi Martinez 107.a, 1:36era. Gaur bigarren etapa jokatuko da, Contres eta Limoges artean, 201 kilometrokoa.