Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Xala eta Zubieta Eskuz Binakako finalerako matematikoki sailkatu dira, finalerdietako bigarren jardunaldian Gonzalez eta Laskuraini 10-22 irabazi eta gero. Lehen jardunaldian Titin eta Pascual menpean hartu zituzten, eta pilatutako bi puntuekin zuzenean sailkatu dira apirilaren 4an jokatuko den finalerako. Irujo eta Beroiz finaletik kanpo geratu dira bi jardunaldietan galdu eta gero, eta beste finalistak Titin-Pascual eta Gonzalez-Laskurain partidako garaileak izango dira. Ezkuz Binakakoa hasi zenean, lehendabiziko bi partidak galdu zituzten Xalak eta Zubietak, eta gutxik espero zuten finalera iritsiko zirela. Baina primerako bikoa direla erakutsi dute Lekuinekoak eta Etxarri Aranazkoak. Euren jokoa zehaztu eta etengabe gora egin du biko honek. Aitor Zubieta txapelketako atzelari onenetakoa izaten ari da, eta Xalak konfiantza berreskuratu du eta txapelketan sartu da, etxarriarraren laguntza preziatuari esker. Igandean, Eibarren, azkar erabaki zuten. Txapelketako orain arteko lehia guztietan partida luzeak jokatu dituzte, lehiatuak eta gogorrak, asko sufrituz, horregatik igandekoa arraroa izan zen. Freskoago aritu ziren Xala eta Zubieta, baina aitortu behar da Gonzalezek eta Laskurainek akats asko egin zituztela - Gonzalezek 8 eta Laskurainek 5 - eta horrek mesede ederra egin zien. Xala eta Zubieta izan ziren markagailuan aurreratu zirenak, Gonzalezen akatsei esker, baina Laskurain partidan sartzen hasi zen eta 9-12ra hurbildu ziren. Ordura arte atzelariek zuten partidaren pisua, baina une egokia heldu zitzaionean Xala lehian sartu zen eta bere gantxoekin eta ia erreboteraino eramandako pilotakadekin Gonzalezi eta Laskuraini min handia egin zien. Gainera, atzeko koadroetan Zubieta nagusitu zen, izugarri lan eginez - 140 pilotakada jo zituen, soilik 3 akats izan zituen eta tanto bat egin zuen - , eta ia konturatu gabe 10-22 irabazi zuten Lekuinekoak eta Etxarrikoak, finalerako sailkatuz. Biak zeuden pozik, baina dirdira bereziagoa egiten zuten etxarriarraren begiek. "Luxua da. Hasieratik sinistu dugu gure jokoan eta nahiz eta arazoren bat edo beste izan, hor gaude" zioen Zubietak. Bere lehenengo finala izango da, eta Xalarendako hirugarrena. Xalak eskuin eskua ukituta zuela despeditu zuen lehia, baina hurrengo larunbaterako prest egoteko ez du arazorik izango. Irujo eta Beroiz aurkariIzan ere, asteburuan finalerdietako hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko da. Finalerako sailkatu diren Xalak eta Zubietak inolako aukerarik gabe dauden Irujo eta Beroiz izanen dituzte aurkari. Partida larunbatean jokatuko da Labriten. Ez dago ezer jokoan, ohorea baizik, eta zaleen aurrean bikain despeditzera aterako dira Irujo eta Beroiz. Emozio gehiago izanen da igandean Logroñon, Titin-Pascual eta Gonzalez-Laskurain bikoen arteko lehiak erabakiko baitu zein pasako den finalera. Hortaz, emozioak ez du etenik.