Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hasiera-hasieratik, agurreko bertsotik iragarri zuen Julio Sotok txapelaren bila zetorrela. Eta baita lortu ere. 22 urteko gorritiarra ederki ibili zen txapelketa osoan; ariketa guztietan berak lortu zuen puntu gehien. Horrela, buruz burukoaren beharrik gabe nagusitu zen, 555,5 punturekin. 24 puntuko aldea atera zion bigarrenari, Arkaitz Goikoetxeari. Saio ederraBildu; horixe izan da aurtengo txapelketaren leloa eta, inurrien modura, Bertsolari Elkarteak urteetan egindako lana agerian gelditu da. Sailkapenean alde nabarmenak egon arren, lan ederra egin zuten zortzi finalistek, Julio Sotok, Arkaitz Goikoetxeak, Estitxu Arozenak, Xabier Legarretak, Oskar Estangak, Eneko Lazkozek, Xabier Terrerosek eta Julen Zelaietak. Gorabeheratsuak izan ziren lehen lanak; umoretsu, baina bertso borobilegirik gabe, faborito nabarmenik gabe. Zortziko txikikoan umorea izan zen nagusi. Puntuei erantzutekoak, berriz, bizitasuna ekarri zuen. Aurretik ere alde ederrak entzun ziren arren, kartzelakoan askatu ziren bertsolariak. Bertan erabaki zen txapelketa. "Boli txapeldun!"Pilotalekuko ikusleen artean ederki nabarmendu ziren Etxarrikoak. Argi zuten haien faboritoa: "Lesaka entzun, Boli txapeldun!" egiten zuten oihu. Ez zuen txapela lortu Eneko Lazkozek, baina lan polita egin zuen. Arrebaren ezkontza utzita iritsi zen Lesakara; gogotsu, hala ere, Etxarriko "hooligan" koadrilaren animoak eskertuz. Zortziko handiarekin hasi zuten saio puntuagarria. Xabier Legarretarekin batera, lehen aldiz mozkortu den 14 urteko gaztearen gurasoen tokian jarri zen Lazkoz. "Baina gaurkoak ez du merezi gure haserrealdia/ egunen batean izan behar zen lehendabiziko aldia" esan zuen Etxarriarrak. Kartzelakoan serio aritu zen, amari homosexuala zela aitortuz. "Hasieran susto bat hartu arren pasatuko da denbora/ lehenbizikoan ulertzen ez badu, hurrengoan izango da" adierazi zuen. Etxarriko zaleen iragarpenak ez ziren bete eta txapelik gabe amaitu zuen Eneko Lazkozek. Hala ere, pozik geratu zen Etxarriko bertsolaria, finalera iristea saria baitzen berarentzat. Azken bertsoan esker hitzak izan zituen Josema Leitza eta Joseba Beltzarendako, "haiek gabe ez baitzen finalera iritsiko". Giro beroaEguerdi garaitik Lesakan nabaria zen festa giroa. Arratsaldeko 17:00ak gerturatu ahala, tabernak utzi eta frontoirako bidea hartu zuten bertsozaleek. Aurreko astetik agortuta zeuden sarrerak. 1.100 zalek leporaino bete zuten Lesakako pilotalekua eta ederki berotu zuten giroa. Hasiera-hasieratik azken puntuak abestera animatu ziren eta gogotsu egin zuten barre bertsoek aukera ematen zutenean. Beroa lehertu egin zen Julio Soto txapeldunaren izena entzutean. Batek baino gehiagok bertso festa gaueko ordu txikitaraino luzatu zuen Lesakako karriketan. (Zatidura) Sailkapena1. Julio Soto 555,5 puntu2. Arkaitz Goikoetxea 531,5 puntu3. Estitxu Arozena 517 puntu4. Xabier Legarreta 496,5 puntu5. Oskar Estanga 496 puntu6. Eneko Lazkoz 488,5 puntu7. Xabier Terreros 481 puntu8. Julen Zelaieta 481 puntu