Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eskuz binakako txapelketa bikaina egin dute Xalak eta Zubietak. Hasierako ligaxkako lehen bi partidak galdu zituzten, baina ondoren bost partida irabazi zituzten jarraian, finalerdietarako sailkatuz. Eta finalerdietan jokoan zeuden hiru partidak irabazi dituzten bakarrak izan dira Askainekoa eta Etxarrikoa. Nahiz eta finalerako sailkatuta zeudela jakin, dena ematera atera ziren finalerdietako hirugarren eta azken lehian. Irujo eta Beroiz zituzten aurkari. Aurretik esana zuen Zubietak galtzea ez duela gustuko, irabaztera aterako zirela eta ziurrenik partida polita izango zela. Eta bete-betean asmatu zuen etxarriarrak. Irujo eta Beroiz zaleen aurrean garaipen batekin txapelketaz despeditzera atera ziren eta hasietatik gogor hasi ziren lanean, eta zortzi tanto egin zituzten segidan. Baina Xala eta Zubieta lasai aritu ziren, presiorik gabe, eta nahiz eta Xalari partidan sartzea asko kostatu, sartu zenean gauzak asko konplikatu zizkien Irujo eta Beroizi. Zubieta ere gozatzen hasi zen, eta hasieran 16-10era eta azkenean 19-15era murriztu zuten aldea. Hala ere, Irujo eta Beroiz ziren faborito nagusiak eta dirua nabarmen zegoen haien alde. Baina Beroiz zigortzen hasi ziren Xala eta Zubieta, eta aurreko koadroetan ere fin ibili zen lapurtarra. Azkenean 21era berdintzea eta irabaztea lortu zuten finalistek, aurreikuspen guztiak apurtuz. Lapurtarren arteko lehiaGonzalez eta Laskurain izanen dira Eskuz Binakako finalean Xalak eta Zubietak izanen dituzten aurkariak. Finalerdietako azken lehian 16-22 gailendu ziren Titin eta Pascualen aurrean, eta horiek ere merezitako finalistak izanen dira. Hortaz, aurrelari lapurtarren arteko lehia izanen da final batean lehendabizikoz, eta txapelketako bi atzelari onenen arteko lehiak ere interes handia piztu du. Finalerdietan Xalak eta Zubietak irabazi zieten Gonzalez eta Laskuraini, baina finala beste kontu bat da eta final oso lehiatua aurreikusten da. Finala apirilaren 4an jokatuko da Gasteizko Ogeta pilotalekuan, eta dagoeneko sarrerak lortzen buru-belarri ari dira pilotazaleak. Zaila izango da desiratutako sarrerak lortzea, baina horretarako adi egon beharko dute zaleek, eta sarrerak salgai jartzen diren unean bertan telefonoz deitzen hasi eta zorte handi-handia izan. Ohiko martxari eutsiAitor Zubietak Beleixe irratiari adierazi zionez, ohiko entrenamenduak egin eta ohiko errutinak ez galtzen saiatuko dira eta ahal den heinean beste partida bat bezala izango balitz helduko diote finalari. "Finalean aritzea gauza oso handia da. Gainera, gaur egun oso garesti daude finalak, batera ailegatzea gauza handia da. Gainera, nik uste dut binakakoa txapelketa gogorrena eta exigenteena dela, luzeena, eta egin dugun lan handiaren fruitua da finalean egotea" zioen etxarriarrak. Atano III.a edo Ogeta, zein nahiago galdetuta, biak gustuko dituela adierazi zuen etxarriarrak. "Biak gustatzen zaizkit. Oso frontoi fuerteak dira, exigenteak. Bat aukeratzeagatik akaso gusturago jokatzeko Donostiakoa, errebotea gertuago duelako, baina Gasteizkoan jende gehiago kabitzen da eta hori ere polita litzateke, sarrera gehiago izango nituzkeelako" gaineratu zuen irribarretsu Zubietak. Sarrera asko eskatu omen dizkiote. "Jende askok joan nahi du finalera eta horrek asko pozten nau, baina finaletan frontoiak txiki geratzen dira. Saiatuko naiz konpromiso asko dudan jendeari sarrerak ematen, badakizu, etxekoei koadrilakoei eta beste, baina hortik aurrera sarrera gehiago lortzea zaila izanen da. Gehiago ateratzeko enpresarekin negoziatzen ari gara, baina zaila izango da" aitortu zuen etxarriarrak.