Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranatzek ere bi partida jokatu ditu asteburuan, eta txanponaren bi aldeak ezagutu ditu. Ostiralean 2-0 irabazi zion Bidezarrak Etxarriri. Lehen zatia oso lehiatua izan zen, eta nahiz eta hasieran Bidezarra gehiago izan, Etxarri nagusitu zen ondoren. Nolanahi ere golik gabe joan ziren aldageletara. Eta bigarren zatian, Bidezarrak hobe asmatu zuen, 2-0 gailenduz, eta nahiz eta etxarriarrak saiatu markagailua ez zen gehiago mugitu. Aldiz, larunbatean 2-1 irabazi zion Etxarrik Burlades taldeari. Bi taldeek asko zuten jokoan, Etxarrik lidergoa eta Burladesek beheko postuetatik ateratzea, eta hortaz partida borrokatua izan zen. Etxarri nagusitu zen eta Ruedak taldea aurreratzea lortu zuen, eta bigarren zatia hasi eta berehala Arratibelek bigarren gola sartu zuen. Partida kontrolatua zuela zirudienean, Etxarriko Iker kanporatu zuen arbitroak, eta Burladesek gola sartu zuen, markagailuan hurbilduz. Baina Etxarrik markagailuari eusten eta hiru puntuak eskuratzen jakin zuen. Horrela, hirugarren multzoko lider jarraitzen du Iruñak, 53 punturekin, eta Etxarri da bigarrena, puntu berberekin. Larunbatean Donezteben jokatuko du Etxarrik, hamaikagarrena den Donezteberen kontra. Ea lidergoa lortzeko lehia horretan jarraitzen duen Etxarrik.