Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranazko abesbatzak Luis Bakaikoa Martitx etxarriarraren omenezko kontzertua eskainiko du bihar, larunbatean, 19:00etan, Iruñeko Misericordia Etxean. 2008an Etxarriko abesbatzak, udalarekin batera, herriko semea omendu zuen musikari egindako ekarpenagatik. Urte hartan bertan Vianako Printzea Sarirako hautagai izendatu zuten etxarriarra. Bi urte beranduago Etxarriko abesbatzak Iruñera eramanen du kontzertu-omenaldia. Aita Bakaikoak lotura handia du Miserikordia etxearekin, urtetan bertako organista izan baita. Hain zuzen, hau da Aita Bakaikoaren alde ezagunena, baina konpositore moduan ere lan handia egin du. Ikuspegi hori azpimarratu nahi izan du Etxarriko abesbatzak. Aita Bakaikoaren obrek osatuko kontzertuko egitaraua. Marillaceko Santa Luisaren omenezko meza eta Aita Gurea eta Agur Maria obrak nabarmendu daitezke. Azken hauek Etxarriko abesbatzari eskaini zizkion aita pauldarrak eta 2008an mustu zituen. Etxarri Aranazko abesbatzak Alicia Armendarizen zuzendaritzapean abestuko du eta Rosana Garziandia organista lagun izanen dute.Aita BakaikoaLuis Bakaikoa Martitx 1920an jaio zen Etxarri Aranatzen. Herrian jaso zituen musikako lehen klaseak, Francisco Urrestarazu maisuarekin. Ondoren, apaiz ikasketekin partekatu zituen musika ikasketak. Musikako lau karrera ditu: pianoa, organoa, kantua eta konposizioa. Bere ibilbidean zenbait sari jaso ditu, kontzertuak eskaini ditu agertoki ospetsuetan (New Yorkeko Carneggie Hall eta Filarmonic Center, Manilako katedrala, Vatikanoa eta abar) eta zenbait grabazio ditu. 2008an Vianako Printzea Sarirako hautagai izendatu zuten, musikari egindako ekarpenagatik. Apaiz eta misiolari pauldarra da.Santo Domingo de la CalzadanEtxarri Aranazko abesbatza Santo Domingo de la Calzadan (Errioxa) izan zen larunbatean. Jubileu urtea da aurtengoa eta Done Jakue bideak zeharkatzen duen herrian ospatzen ari dira. Ospakizun horien barruan antolatu dute Etxarri Aranazko abesbatzaren kontzertua. Iaz ere bertan izan ziren sakandarrak eta, emanaldiarekin pozik, bigarren aldiz jaso dute gonbidapena. Etxarriarrek kontzertu sakroa eskaini zuten katedralean.