Musika ikasleak profesionalen pare

Guaixe 2010eko martxoaren 25a

Bertan dugu Aste Santua eta hura iristearekin batera merezitako oporrak hartuko dituzte Etxarri Aranazko Musika Eskola ikasleek. Oporrak hartu aurretik, ordea, azken ahalegintxoa egin beharko dute: kontzertua eskainiko dute Etxarri Aranazko kultur etxean. Astelehenean igoko dira oholtza gainera lehenengoz ikasleak. 19:00etatik aurrera kontzertua eskainiko dute pianoa, saxofoia eta haize metaleko ikasleek. Asteazkenean, berriz, gitarra, txistua, biolina, pianoa eta zeharkako txirulako ikasleen txanda izanen da. Etxarriko haurrak ez ezik inguruko herrietako ikasleak ere hartzen ditu Etxarri Aranazko Musika Eskolak. Horregatik, herritik kanpo ere entzunaldiak eskainiko dituzte. Bihar, 19:00etan, Bakaikuko San Juan elizan izanen dira. Batean eta bestean, ikasturtean ikasitakoaren erakustaldia emanen dute Musika Eskolako Ikasleek.