Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarrik ez du lidergoa ihes egiten utzi nahi. Iruña liderrarekin puntutara berdinduta zegoen Etxarri bigarrena, baina sakandarrek irabazi eta Iruñak galdu eta gero, atzera ere lider ditugu etxarriarrak. Doneztebek eta Etxarrik parez pare jokatu zuten. Doneztebek bere aukerak izan zituen, baina ez zuen errematatzen jakin, eta Etxarri finago ibili zen. Atsedenaldia baino lehenago lehen gola sartu zuen Etxarriko Mirandak. Bigarren zatian Doneztebe aurreratu zen eta ongi erasotu zuen Etxarri, baina Etxarriko Goikoetxeak jarraian sartutako bi golek jota utzi zuten Doneztebe. 91. minutuan Ruedak 0-4koa ezarri zuen eta lidergoa eskuratzeaz gain, Preferente mailara igotzeko aurrerapausu galanta egin du Etxarrik. Etxarri liderrak 56 puntu dauzka eta Iruña bigarrenak 53. Asteburu honetan ez dago ligarik, baina ostegun santuan elurragatik ilbeltzaren 10ean jokatzekoa zen 16. jardunaldian atzeratutako partidak egonen dira jokoan. Horrela, 45 punturekin 5.a den Bidezarra taldearen kontra ariko da Etxarri. Apirilaren 10ean, larunbatean, 42 punturekin seigarrena den San Ignazio hartuko du Etxarri Aranatzek San Donato futbol zelaian.