Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Apirilaren 4an, igandean, Eskuz Binakako Pilota Txapelketako finala jokatuko da Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Aspeko bi biko elkarren kontra ariko dira: Xala-Zubieta eta Gonzalez-Laskurain. Dirua pareko aterako dela diote adituek, akaso Xala eta Zubietaren alde, baina alde gutxirekin. Katedrak ez du faborito argirik ikusten, bi bikoek txapelketa bikaina egin baitute. Gainera, sorpresa galantak izan dira txapelketan barna eta hortaz, nork jakin zer eman dezakeen finalak. Bi bikoek bi entrenamendu saio egin dituzte Ogetan, aurreko ostegunean eta astelehenean. Gasteizko frontoia oso gogorra eta exigentea da. Pilota arin eta asko dabil bertan eta zaila izaten da defendatzea. Baina ongi doakie Xala eta Zubietari. Baita Arerioei ere. Ogetako frontisa altueran 80 zentimetro laburragoa da beste frontoiekin alderatuta, eta horregatik distantziari tamaina hartzen aritu dira pilotariak. Gaur pilota aukeraketa eginen dute eta aste pasa barru, apirilaren 4an, egun handia iritsiko da. Final batean lehenengoz ariko dira elkarren kontra Iparraldeko bi pilotari: Gonzalez eta Xala. Gonzalez irregularragoa da, egun onak txarrekin tartekatzen ditu, eta ikusteko dago finalean zein egun duen. Xalari ere kosta egiten zaio partidetan sartzea, baina behin murgilduta aurrelari bikaina da. Ezkerra, aski ezagunak dira bere gantxoak, boleak, sake luzeak eta beste. Aldiz, txapelketa orekatuago egin dute Aitor Zubieta eta Aritz Laskurain atzelariek. Txapelketa honetako bi atzelari onenak izan dira, euren bikoen euskarri sendoak, eta sekulako jotzea dutela kontuan hartuta, euren arteko lehia erabakiorra izango da. Printzipioz partida oso gogorra aurreikusten da. Errutinari eutsiHorrela prestatzen ari dira finala Xala eta Aitor Zubieta etxarriarra, ohiko entrenamenduak eginez eta errutinari ahal den moduan eusten. Hala ere, zaila egiten ari zaie, komunikabideen elkarrizketak eta beste atenditu behar dituztelako eta finala dela eta herritarrak guztiz aztoratuta daudelako. Baina ongi eramaten ari dira dena. Zubietak Etxarriko Gure Pilota eskolan klaseak ematen jarraitzen du Aspeko Oskar Lasa pilotari ohi eta txapeldun handiarekin batera. Ildo honetan, Oskar Lasak faborito ikusten ditu Xala eta Zubieta. "Aitor momentu onean dago eta Xalak laguntzen dio; pilota zailak kentzen dizkio. Finalerdietan nerbioei ongi eutsi zien Zubietak, eta finalean biak egonen dira ongi. Aitor lasai eta konfiantzarekin ikusten dut, heldutasuna hartu du. Kantxan egoten badaki eta bikoarekin nola jokatu behar duen ere" zioen Lasak Nafarroako komunikabide batean. Xalarekin primeranIzan ere Xala eta Zubieta ongi moldatzen direla argi geratu da. "Konfiantza handia dugu biok eta hori gure jokoan nabaritzen da" zioen etxarriarrak. Yves Salaberri Xalak Eskuz Binakako 2002ko txapela jantzi zuen Oskar Lasarekin, eta aurten asmo bera du bere herrikide Aitor Zubietarekin. "Yvesekin harreman onena duten bi pilotariak Oskar Lasa eta ni garela uste dut, baina ez orain, betidanik" adierazi du Aitor Zubietak Berria egunkarian. Pilotari berezia dela diote bi etxarriarrek. Oskar Lasaren esanetan "pilotari bikaina da. Teknikoki oso ona, beti dago ondo kokatuta eta asko laguntzen du. Lan asko, eta erremateak, neurtuak". Aitor Zubietaren iritziz "pilotari bikaina da, baina konfiantza hartzea kostatzen zaio. Aldiz, partida irabaz dezakeela ikusten badu, makina hutsa da". Ea horrela den eta Lekuine eta Etxarriren arteko konexio bikainak bigarren fruitua ekartzen duen. Festa handia EtxarrinFinalean zuzenean egon nahi duenak, oraindik badu aukera, izan ere 180 kantxa oraindik saldu gabe daude. Erreboteko eta goiko harmaileko sarrerak berehala saldu ziren - prezio merkeeneko sarrerak, hain zuzen - , baina garestienak 130 eurotan eskuratu daitezke. Gainontzean, ETB1etik jarraitu ahal izango da norgehiagoka.Etxarri Aranatzek dena emango du finalerako. Jende asko Ogetara joango da Aitor animatu eta zuzenean partida jarraitzera - autobus batean joango dira zaleetako batzuk - eta ondoren festa bikaina ospatuko dute herrian, Zubietak galdu ala irabazi. 300 pertsonendako afaria izanen da Euskalerriari pilotalekuan, eta ondoren jai giroa gaueko ordu txikietaraino luzatuko da. Ea festa txapelarekin ospatu ahal den.