Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandeko partida hasi baino lehen etxarriarrek bazekiten erregional mailako hirugarren mailako liderrak direla eta txapeldunak direla, liga despeditzeko jardunaldi bat geratzen bada ere. Horregatik, Etxarri ohore guztiekin zelairatu zen. Etxarri futbol taldeak kategoria guztietan dituen futbolariek eta haien arerioek, San Ignaziokoek, paseillo delakoa egin zieten etxarriarrei eta zaleen zaparraden artean atera ziren zelaira, merezitako omenaldia jasoz. Izan ere etxarriarrak bikain aritu dira denboraldian, eta lidergoa eskuratu eta mantentzeko presioari primeran eutsi diote. Horregatik, igandean San Ignazioren kontra jokatutako lehian, ligako txapeldunak zirela jakitun, lasaiago zelairatu ziren eta partida hasi eta berehala lehenengo gola sartu zieten Iruñekoek. Etxarrik ez zuen ezer jokoan eta San Ignaziok aukerak izateko irabazi beharrean zegoen, eta onartu beharra dago Iruñekoak etxarriarren gainetik pasa zirela, 1-5 gailendu baitziren. Etxarri liderrak 59 puntu dauzka eta Iruña bigarrenak 54, bana berdindu baitzuen Valle de Egüesekin. Asteburuan ligako azken jardunaldia du jokoan Etxarrik. Zizurren jokatuko dute, larunbatean, 33 punturekin sailkapenean bederatzigarrena den Ardoi taldearen kontra. Bi taldeek ez dute ezer jokoan eta tramite hutsezko lehia espero da. Pozik eta aurrera jarraitzeko asmoz"Denboraldi hasieran ahalik eta goienean egotea zen gure asmoa, besterik gabe. Ez genuen igotzea helburu moduan planteatu eta gure lana asmo horretara bideratu. Baina liga erditik aurrera goian geunden, hor mantendu gara eta igo garelako oso kontentu gaude" dio Etxarriko presidente Asier Ijurrak. Aurten Etxarrirekin entrenatzaile lanetan estreinatu den Fernando Montorik lan ederra egin du jokalariekin. Erregional mailako hirugarren multzoko liga oso lehiatua izan da. "Iaz 2-4 taldek diferentzia ateratzen zieten besteei eta aurten 7-8 talde egon dira oso indartsu. Lehiatuagoa izan da liga eta Iruña izan da gure arerio gogorrena, Beriain eta San Ignaziorekin batera, baina ia konturatu gabe mailaz igotzea lortu dugu" azaltzen du presidenteak. Preferente mailatik jaitsi zenetik Etxarrik hiruzpalau urte daramatza erregional mailan, eta preferenten aritzeko irrikaz daude. "Egia esan ez da horrenbesteko aldaketa. Gastuen aldetik erregionalean arbitroa aritzen da soilik, eta preferenten arbitroa eta bi linier. Gastu horri egin beharko diogu aurre, baina ez dago diferentzia asko" dio Asierrek. Preferenten aritzeko plantillan aldaketa nabarmenak egitea ez da inolaz ere aurreikusten. "Beti diogu bertako jokalariekin aritu nahi dugula, eta erregionalean aritzea nahiago dugula preferentean mantentzeko kanpotik jokalari asko ekarri beharko bagenitu. Akaso jokalariren bat edo beste behar izango ditugu, baina besterik gabe" nabarmentzen du. Etxarriko plantillak Ostegun Santuan ospatu zuen igoera. Urbasaren kontra Zudairen jokatu eta gero bazekiten igoera ziurtatuta zutela, eta Etxarriko elkarte batean bazkaria egin zuten. Bestalde, zaletuen babesa eskertu du ere Asier Ijurrak. Etxarri Aranatz 2008-2009Plantilla*Atezainak: Victor Melero eta Xabier Ulaiar.*Atzelariak: Mikel Iriarte, Hodei Lakuntza, Luis Goñi, Xabier Arratibel eta Gentza Erdozia.*Erdilariak: Edu Elso, Mikel Goikoetxea, Artzai Iraurgi, Pablo Jauregi, Etor Alegria, Iñaki Miranda, Fermin Izkieta eta Imanol Arbizu.*Aurrelariak: Javier Rueda, Xabat Goikoetxea, Koldo Barandalla, Iker Salinas, Xabier Urrestarazu eta Aritz Ikobalzeta.Teknikariak: Fernando Montori.