Aitor Zubietak uko egin dio Bigarren mailako Buruz Burukoari

Guaixe 2010eko apirilaren 15a

Buruz Buruko Txapelketan izan diren aldaketak eta gero, Aitor Zubieta etxarriarra bigarren mailako Buruz Burukoan aritzekoa zen. Zehazki ostiral honetan sartu behar zen lehian; B multzoko final laurdenetako ligaxkako lehen partida zuen jokoan Aritz Lasaren kontra, Urretxun. Baina kontu jakina zen txapeldunaren eskuin eskua nahiko ukituta geratu zela Binakakoa eta gero. Atzo proba egin eta txapelketan ez aritzea erabaki zuen etxarriarrak. Aspeko web gunean Zubietak adierazten duenez, Binakako Txapelketa guztian barna eskuin eskuko kailua zaintzen aritu da, tako gehiago erabiliz. Finalean takoen kopurua gutxitu zuen eta eskua oso mindua zuela despeditu zuen lehia. "Ordutik eskua zaintzen aritu nahiz eta astelehenean egindako proba batean eskuin eskuko kailua zabalik nuela ohartu nintzen". Asteazkenean, Urretxuko material aukeraketan, ezker eskuarekin egin zuen aukeraketa, eskuinarekin probatzen hasi eta berehala sumatu zuelako mina. Pilotariak eta enpresak horrela aritzerik ez dagoela ikusi zuten eta Zubietak uko egin dio Burukoan aritzeari. Burumakur zegoen pilotaria. "Amorrua ematen dit, jokoz oso ondo nengoelako, baina hala ezin da jokatu" zioen. Asier Berasaluzek hartuko du bere tokia, eta bitartean eskua hobetzeko tratamenduarekin jarraituko du Aitorrek. Badirudi kailua erabat sendatzeko hilabete inguru beharko duela. Bergarako txapelketa. Atzo, Bergarako txapelketaren barruan, Arrieta eta Lizeagari 9-22 irabazi zieten Ansotegik eta Lanak.