Karrikestu elkartea BECen pare

Guaixe 2010eko apirilaren 16a

Gaur, 21:30ean, Etxarri Aranazko Karrikestu elkartean.Izan Euskal Herrikoa nahiz Nafarroakoa, Bertso Txapelketak ahoz aho dakizkigu azken aldian. Bertso Afari Txapelketa (BAT), berriz, berria da gurean. Maila goreneko bertso saioarekin mustuko dugu sakandarrek modalitate berri hau: Etxarri Aranazko Karrikestu elkarteak Euskal Herriko Bertso Afari Txapelketa hartuko du gaur. Bertaratzen direnek gozatzeko aukera bikoitza izanen dute: afari gozoarekin eta bertso ederrekin.Bost herrialdeSei bertsolari gazte lehiatuko dira BAT txapelketan: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko bertsolari bana eta Nafarroako bi. Iñaki Viñaspre dator Arabatik; Jone Uria izanen da Bizkaiko ordezkari; Lizarrusti zeharkatuta, Aitzol Barandiaran etorriko da Gipuzkoatik; Odei Barrosok ordezkatuko du Iparraldea; eta Nafarroak bi ordezkari izanen ditu: Gartzaingo Ion Elizetxe eta Eneko Lazkoz etxarriarra. Bertsolari gazteak dira guztiak ere, 19 eta 26 urte artekoak. Seiak duten guztia emanen dute mahaiaren inguruan.Herri bat"Herrialde bakoitzeko ordezkari bat ekarrita Euskal Herria kantuan irudikatuko dugu" adierazi dute antolatzaileek. Euskal Herriaren bihotz geografikoan bat eginen dute sei bertsolariek. Muga guztiak gaindi, herria batzen duten hizkuntza eta kulturaren adierazle da bertsolaritza. "Gora doan sormen lan eredugarria da eta gurean, Etxarrin, gero eta oihartzun handiagoa lortzen ari da" diote Karrikestu elkarteko ordezkariek. Bultzada berria eman nahi izan diote Bertso Afari Txapelketarekin. Dena prestKarrikestu elkarteak 70 afari-txartel salgai jarri ditu herriko tabernetan, 18 eurotan. Interesa duen orori bertaratzeko deia egin diote. "Afari ona, giro ona eta gozamena ziurtatuta daude" diote. Antolatzaileek Etxarri Aranazko Udalaren, Bierrik Fundazioaren eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen laguntza izan dute.   BertsolariakJone Uria (Algorta, Bizkaia): 19 urte. Eskolarteko txapelketetan Bizkaiko txapelduna izan da txiki zein nagusitan. 2009ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian finalaurrekoetara heldu zen. Bertsoko eta Abra sariketak irabazi ditu berriki.Aitzol Barandiaran (Ataun, Gipuzkoa): 23 urte. Gipuzkoako Eskolarteko txapeldun izanikoa. 2007ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Nagusian finalaurrekoetara iritsi zen. 2007an Abra eta Osinalde sariketak irabazi zituen.Odei Barroso (Urruña, Lapurdi): 21 urte. 2008an Iparraldeko txapelketako finalista izan zen. 2009ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian parte hartu zuen.Iñaki Viñaspre (Abetxuko, Araba): 26 urte. Arabako Eskolarteko txapelduna izan da bi aldiz. Azken bost urteetan Arabako Txapelketako finalean sartu da.Jon Elizetxe (Gartzain, Nafarroa): 25 urte. 2002an Nafarroako Eskolarteko txapelduna izan zen. Nafarroako Txapelketan finalaurrekoetaraino iritsi da azken urteetan. 2008an Mariano Izeta sariketa irabazi zuen eta 2009an Xalto sariketa. Eneko Lazkoz (Etxarri Aranatz, Nafarroa): 26 urte. Bi aldiz izan da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. 2010ean Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalera iritsi da lehen aldiz.