Bertso Afari txapelketako lehen txapela Bizkaira

Guaixe 2010eko apirilaren 19a

Giro ederra izan zen ostiralean Etxarri Aranazko Karrikestu elkartean. Euskal Herriko Bertso Afari Txapelketa jokoan, lan paregabea egin zuten Jone Uriak (Bizkaia), Aitzol Barandiaranek (Gipuzkoa), Odei Barrosok (Lapurdi), IÃaki ViÃasprek (Araba), Ion Elizetxek (Nafarroa) eta Eneko Lazkozek (Nafarroa). Bertso afariarekin gozatzeko prest joan ziren 70 lagunek leporaino bete zuten elkarteko jangela. Sabela beteta, kopak mahai gainean zirela hasi zen saioa. Sei bertsolariak zortziko handian hiruna bertso, zortziko txikian beste hiruna bertso, hitza gaitzat hartuta bertso bana, eta bikoteka puntuka sei bertso osatu arte aritu ziren. Lan horiek bukatuta puntuaziorik altuena zuten bertsolariak, Uria eta Barandiaran, buruz burukora pasa ziren. Trikitixarekin seina kopla eta Iparragirre doinuan hiruna bertso bota ostean, Jone Uria nagusitu zen. Bertsolari guztiek utzi zuten ale eder bat baino gehiago. Oso bizia izan zen saioa eta bertsozaleek gogotik txalotu zituzten bertsoak.Lehen edizioaren arrakasta ikusirik, Karrikestu elkarteak txapelketarekin jarraitzea erabaki du. Beraz, datorren urtean ere kantuan jarriko du Euskal Herria. Â