A Lamara joandako senideak jazarri dituztela salatu dute

Guaixe 2010eko apirilaren 27a

Amnistiaren aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, larunbatean A Lamako espetxera presoak bisitatzera joan ziren senideak jazarri zituen Guardia Zibilak. Galiziako espetxean Luis Mariñelarena eta Hodei Ijurko daude preso. Haien eta beste batzuen senideak bi furgonetatan joan ziren espetxera. Espetxe sarreran poliziaren kontrolean geldiarazi eta furgonetaren paperak eta gidariak identifikatu zituzten. Euskal Herrirako bueltan, Zamorako autobian Guardia Zibilak ibilgailuak geldiarazi zituen. Ibilgailuen paperak eskatzearekin batera haietako bateko bidaiari guztiak jaitsarazi, miatu eta ordu betez bide bazterrean izan zituzten. Bideari ekin eta hamar minutura gauza bera gertatu zen, oraingoan gasolindegi batean. Han 45 minutuz izan zituzten. Azaldu zutenez, bidaiarietako batek ETArekin lotura zuen eta ezin omen zuten aurrera jarraitu. Dena argitu zela esan ondoren, buelta egiten utzi zieten.