Lentzeria erakusketa Etxarrin

Guaixe 2010eko apirilaren 30a

Udaleko Kultura Sailak antolatuta, lentzeria ikastaroa egin dute Etxarri Aranatzen urritik maiatzera. 42 lagunek egin dute tailerra, guztiak ere emakumeak. Hasi berriak ziren batzuk eta beste batzuek, berriz, ibilbide luzea dute atzetik. Izan ere, udalak urteak daramatza ikastaro arrakastatsua antolatzen. Eta, orain arteko martxa ona ikusita, pentsatzekoa da datorren urtean ere antolatuko dela. Miren Eskisabel da irakaslea.Ikasturtea amaituta, urritik ona egindako lanak erakusteko unea iritsi da. Asteburuan eginen dute erakusketa, Etxarri Aranazko kultur etxean. Maiatzaren 1ean, larunbatean, 18:00etatik 20:00etara eta 2an, igandean, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.