Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako lehen fasea despedituta, asteazkenean abitu zen txapelketako final laurdenetako ligaxka. Fase honetan sei aizkolari lehiatuko dira, iazko txapelketan bost onenak izan zirenak eta lehen fasea jokatuta sailkatu den Antonio Senosiain. A multzoan Nazabal, Olasagasti eta Arrospide daude, eta B multzoan Senosiain I., Larretxea eta Lopez Azpilikueta. Multzo bakoitzaren barruan ligaxka jokatu ondoren, onenek eginen dute aurrera. San Prudentzio egunean, asteazkenean, final laurdenetako ligaxkako bi proba jokatu ziren. Aizkolariek bost lan egin behar zituzten:n 45 ontzakoa zeinek azkarrago moztu; 45 ontzakoa erlojuz kontra erdibitu; 60 ontzako enborra moztu; kana-erdiko bat zutik jarrita erdibitu; eta bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu. Gasteizko proban Larretxeak (16:30) ez zuen eragozpenik izan Antonio Senosiaini garaitzeko (20:16). Eta Lazkaon, Nazabalek erraz hartu zuen menpean Olasagasti, jokoan zeuden bost probetan garaituz. Lan guztiak egiteko 15 minutu eta 55 segundo behar izan zituen Nazabalek, eta 19 minutu eta segundo bat Olasagastik. Horrela, Larretxeak eta Nazabalek txapelketako finalerdietan egoteko pausu handia egin dute. Senosiainek eta Olasagastik Lopez eta Arrospideren kontra hurrengo jardunaldia irabazi ezean lehiaketari agur esango diete. Iñaki Vazquezek aurrera23 urtez azpiko Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketa asteazkenean abiatu zen, Lazkaon, eta lehen kanporaketan Iñaki Vazquez "Sakana" altsasuarrak aurrera egitea lortu zuen, Alkizalete II.a menpean hartu eta gero. 45 ontzakoa erlojuz kontra moztu behar izan zuten, eta ondoren hiru kana-erdiko erdibitu. Vazquezek 10 minutu eta 55 segundo behar izan zituen, eta Alkizaletek 11 minutu eta 22 segundo. Horrela, Iñaki Vazquezek maiatzaren lehenean, larunbatean, Aritz Irazabal izanen du arerio Estibalitz santutegian 12:30ean jokatuko den kanporaketan.