Eguraldiari aurre eginez, makina bat pertsona bildu ziren Etxarri Aranatzen Euskaraz Bizi Eguna ospatzera. Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragilearen deialdia Euskal Herrian euskaraz bizi! Euskal Herri euskalduna eraiki! lelopean ospatu zen. Kale animazioa, herri kirolak, auzatea, azoka, haurrendako jolasak eta musika izan ziren festaren osagarriak. Bazkaltzera 500 pertsona inguru bildu ziren.
Eguerdi partean milatik gora euskaltzalek manifestazioa egin zuten Etxarrin barna. Bukaeran Euskal Herrian Euskarazko kide Igone Lamarainek Etxarrin bildutako guztiei eta EHEren 30 urteetan ekarpenak egin dituzten guztiei eskerrak eman zizkien. Lamarainek esan zuen aurrera begira euskaltzaleek, batez ere, euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eman beharreko pausuan indar egin behar dela. Horretarako hautu pertsonal eta kolektiboak egin behar direla azaldu zuen.Horrekin batera Lamarainek Euskal Herri euskalduna eraikitzeko euskaraz bizitzeko egin beharreko hautuaren garrantzia transmititu zuen.
EHEk egunaren balorazio positiboa egin du. Gainera, Euskaraz Bizi Eguna dela eta aurreko astean auzo eta herrietan egin diren bilkura eta aurkezpenetan ehunka euskaltzale eta euskalgintzako kide batu direla jakinarazi du. Beleixe Irratia (FM 107,3) Info7 irratiarekin elkarlanean, igandean irratsaio berezia eskaini zuen. EHEren web gunean entzungai izanen da saioa.