Nafarroako Ehiza Federazioak Etxarri Aranazko Muxar Ehiza Taldearen laguntzarekin antolatuta, Arrasto Txakurren Nafarroako II. Txapelketa jokatuko da bihar Etxarri Aranazko Epele dermioan, igerilekuen ondoan. Horretaz gain, Etxarriko proba Espainiako Txapelketarako baliagarria izango da. Antolatzaileek 30 parte-hartzaile inguru espero dituzte, iaz bezala. Izena emateko Etxarriko Iturri Eder tabernatik pasa beharko dira ehiztariak, goizeko 8:00etan, eta ondoren Epelera joko dute, proba jokatuko den tokira. Proba honetan txakurrek basurdeen arrastoa jarraitu behar dute. Horretarako antolatzaileek goizaldean basurdeak askatuko dituzte eta haiek egindako bidea markatu, eta handik ordu batzuetara hasiko da proba, ehiztarien artean zozketa egin eta gero. Banaka-banaka aritzen dira txakurrak, jabearekin daudela eta beti lotuta, eta epailea gertu egoten da, haien lana jarraitzeko. Horrela, basurdearen markak jarraitzen ahal dituzten hala ez baloratu eta puntuatzen du arbitroak. Iaz ikusmira handia sortu zuen proba honek eta ikusle asko gerturatu zen proba jarraitzera. 33 ehiztari lehiatu ziren euren txakurrekin eta ez zen sakandarrik animatu, baina aurten bai, ariko dira. Iazko probaren irabazlea Zarrabeitia izan zen, Marquezen eta Makazagaren aurretik. Proba aldi berean Nafarroako txapelketa zenez, lehen nafarra Arraztoa izan zen, Urmenetaren eta Iraitzozen aurretik.