Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Erregional mailako Txapeldunen Fasean ari dira lehiatzen Erregional mailako lau multzoetako irabazleak. Horrela, erregional mailako hirugarren multzoko txapeldun Etxarri Aranatzek bigarren multzoko Lerines izan zuen aurkari larunbatean San Donato futbol zelaian. Partida hasi baino lehen Etxarrik pasilloa egin zion Lerines txapeldunari eta segidan, Etxarrik eta Lerinesek pasilloa egin zioten Eskuz Binakako Pilota txapeldun Aitor Zubietari, eta omenaldi beroa jaso zuen pilotari etxarriarrak. Ondoren, Zubietak txapeldunen kopak banatu zizkien Etxarriri eta Lerinesi. Erregionaleko Txapeldunen Faseari dagokionez, Etxarri Aranatzek lehen zatian dominatu egin zuen eta bi gol sartu zituen Pablori eta Xabati esker, baina bigarren zatian Lerines jokoa dominatzera pasa zen eta 2-1era hurbildu zen. Horrela, txapelketaren arauak jarraiki eta kanpoan sartutako golak zuen balioari esker Lerinesek lortu zuen Txapeldunen Fasean aurrera egitea, eta Erregionaleko lehen multzoko Calatrava txapelduna izango du hurrengo aurkaria. Etxarri bidean geratu da.