Ezkerra eta Plaza nagusi Etxarriko Arrasto Txakurren txapelketan

Guaixe 2010eko maiatzaren 11

Larunbatean jendetza bildu zen Etxarri Aranazko Epele dermioan, igerilekuen ondoan, Nafarroako Ehiza Federazioak Etxarri Aranazko Muxar Ehiza Taldearen laguntzarekin antolatutako arrasto txakurren proba jarraitzera. Aldi berean Etxarri Aranazko proba Nafarroako Arrasto Txakurren II. Txapelketa zen. Guztira 42 parte hartzaile aritu ziren, antolakuntzak espero baino gehiago. Horietatik erdia nafarrak ziren - soilik sakandar bat aritu zen, Asier Razkin bakaikoarra - , eta beste erdia inguruetatik etorritakoak, baina baita Burgosetik, Kataluniatik, Aragoitik eta Frantziatik ere hurbildutakoak. Antolakuntzako Jose Inazio Urriza ehiztari bakaikuarrak azaldu duenez, "ikusle eta zaletu asko bildu ziren proba jarraitzera, iaz baino askoz ere gehiago, proba hauek duten arrakastaren seinale". Proba honetan txakurrek basurdeen arrastoa jarraitu behar dute. Horretarako antolatzaileek goizaldean basurdeak askatu zituzten eta haiek egindako bidea markatu, eta handik ordu batzuetara hasi zen proba, ehiztarien artean ordena erabakitzeko zozketa egin eta gero. Horrela, txakurrak banaka-banaka aritu ziren, jabearekin zeudela eta beti lotuta, eta epaileak hurbiletik jarraitzen zuen euren lana. Finean, txakurrek basurdearen markak jarraitzen dituzten ala ez baloratu eta puntuatzen du arbitroak. Parte hartzaile guztiak eremu batean aritu ziren, eta onenak sailkatu ziren finalerako, lehenengo sei nafarrak eta lehenengo sei kanpotarrak, eta hauek atzera ere lanean aritu zen, baina beste eremu batean. Kasualitatea bada ere, lehendabiziko hiru nafarrak lesakarrak izan ziren eta probako lehen hiru kanpotarrak Burgoseko hiru ehiztari. Nolanahi ere puntuazioa estu egon zen. "Lehen nafarra Xabier Plaza lesakarra izan zen, eta hirugarrena Xabier Plaza bera, bi txakurrekin aritu baitzen lehian. Baina gauzak oso estu izan ziren. Hirugarren nafarrak, Plazak, 134 puntu zituen, eta esaterako Asier Razkin bakaikuarrak 126 puntu bildu zituen, nahiz eta finalerako ez sailkatu. Justu egon zen dena" dio Jose Inazio Urrizak. Nafarroako Arrasto Txakurren II. Txapelketa1.Xabier Plaza (Lesaka, bi txakurrekin aritu zen)2.Jon Sanzberro (Lesaka)3.Xabier Plaza (Lesaka)Etxarriko Arrasto Txakurren Proba1.Emilio Ezkerra (Burgos)2.David Quintano (Burgos)3.Daniel Quintano (Burgos)