Nazabalek Arrospide aurkari Urrezko Banakakoan

Guaixe 2010eko maiatzaren 14a

Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketan jakina da finalerdietarako sailkatu direla Nazabal, Arrospide, Lopez eta Larretxea, Senosiainek eta Olasagastik ezin jokatutako bi jardunaldiak galdu baitzituzten. Baina hala ere final laurdenetako hirugarren jardunaldia jokatzea erabaki du Egur Sport antolakuntzak, aizkolarien sailkapenaren arabera jokatuko baitira finalerdiak. Horrela, bihar, larunbatean, B mailako hirugarren jardunaldia jokatuko dute Leitzan Donato Larretxeak eta Juan Jose Lopez Azpilikuetak, 19:30ean. Eta A mailako hirugarren jardunaldia igandean izanen da Zeanurin, 12:00etan. Floren Nazabal etxarriarrak Anjen Arrospide izanen du arerio. Nahiz eta finalerdietarako sailkatuta daudela jakin, laurendako irabaztea inportantea da, euren taldeetako lehen postua baitute jokoan, eta horretaz gain lortutako puntuen arabera jakinen baitute finalerdietan nor izango duten aurkari.