Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako final laurdenen hirugarren eta azken jardunaldia jokatu da. Igandean, Zeanurin, Floren Nazabalek ez zuen aparteko arazorik izan Arrospide menpean hartzeko, eta A multzoko lehena izan da etxarriarra. Bost lan egin behar zituzten - 45 ontzakoa kolpeka moztu, 45 ontzakoa erlojuz kanpo ebaki, 60 ontzakoa etzanda erdibitu, kana-erdikoa zutik moztu eta bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitzea - eta etxarriarrak 16 minutu eta 8 segundotan despeditu zituen lan guztiak. Arrospidek, aldiz, ia bi minutu gehiago behar izan zituen. Nazabalek proba guztiak irabazi zituen zutikako enborrekoa izan ezik. Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako finalerdiak maiatzaren 30ean jokatuko dira Arabako Espejo herrian. Final laurdenetako ligaxkak utzitako emaitzei jarraituz, Floren Nazabalek Juanjo Lopez Azpilikueta izanen du arerio, eta Donato Larretxeak Arrospide. Orain arte Nazabal eta Larretxea izan dira onenak, baina ikusi behar orain arteko joerak segida duen.