Finalera heltzea helburu

Guaixe 2010eko maiatzaren 28a

Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketa azken txanpan dago. Larunbatean, maiatzaren 29an, finalerdiak jokatuko dira Arabako Elburgoko frontoian, arratsaldez. Hasiera batean igandean jokatzekoak ziren, baina larunbatera aurreratu dituzte. Final laurdenetako ligaxkak utzitako emaitzei jarraituz, Floren Nazabalek Juanjo Lopez Azpilikueta izanen du arerio (19:45etik aurrera), eta Donato Larretxeak Arrospide (18:00etatik aurrera). Orain arte Nazabal eta Larretxea izan dira onenak eta beraiek dira finalera pasatzeko faborito nagusiak, baina Juanjo Lopezek eta Arrospidek ez dute etsiko eta lehia borrokatua espero da, finala baitago jokoan. Aizkolariek egin beharreko lana ondokoa da: 45 ontzakoa kolpeka moztu, 45 ontzakoa erlojuz kanpo ebaki, 45 ontzakoa zutik eta 45 ontzakoa etzanda erdibitu, 60 ontzakoa etzanda erdibitu, kana-erdikoa zutik moztu, eta bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebakitzea.  6 lanetan 10 enbor erdibitu beharko dituzte. Txapelketako final handia ekainaren 5ean jokatuko da, gauean, Azpeitiako Betarran pilotalekuan.