Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ez zen ezusterik izan eta Floren Nazabalek eta Angel Arrospidek jokatuko dute Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako finala. Lehia handia larunbatean erabakiko da, ekainaren 5ean, 22:30ean Azpeitiko Betarran pilotalekuan. Iazko finala errepikatuko da, beraz. Horretarako Floren Nazabalek Juanjo Lopez Azpilikueta utzi zuen bidean larunbatean Elburgon jokatutako finalerdietan, eta Angel Arrospidek Antonio Senosiain. Guztira 10 enbor erdibitu behar izan zituzten, sei lanetan banatuta. Nazabal lan guztietan gailendu zitzaion Lopez Azpilikuetari eta erraz gailendu zen. Kolpekakoan, 33 kolpetan ebaki zuen 45 ontzakoa, zazpiren aldea atereaz. Erlojuz kontrakoan 49 segundotan bota zuen 45 ontzakoa, eta beste zazpi segundo atera zizkion Lopezi. Hirugarren lana - 45 ontzako enborrak zutik eta etzanda moztu - 2:17an bukatu zuen Etxarrikoak, eta beste 13 segundo sartu zizkion Lopezi. 60 ontzakoa 1:42an erdibitu zuen Nazabalek eta 2:16an Lopezek. Bosgarren lanean, zutikako kana-erdikoa 1:53an moztu zuen Nazabalek eta 2:16an Lopezek, eta iraupen proba - bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu - 9:38an despeditu zuen Nazabalek eta 10:47an Lopezek. Lan guztiak egiteko 16 minutu eta 52 segundo behar izan zituen etxarriarrak, eta 19 minutu eta 30 segundo Lopezek. Beste finalerdian Arrospidek 22 minutu eta 21 segundo behar izan zituen 6 lanak egiteko, eta 27 minutu eta 9 segundo Senosiainek. Larunbateko finalerako Floren Nazabal da faborito argia. Finalerdietako lan berbera egin beharko dute, baina hirugarren lanean 45 ontzako bi enbor bota beharrean, bat zutik eta bestea etzanda, bi kana-erdiko moztu beharko dituzte, eta iraupen proban bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako beharrean lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko dituzte. Ea pronostikoak bete eta Nazabalek bere seigarren txapela janzten duen.