Nafarroako Ehiza Federazioak, Etxarri Aranazko Muxar Ehiza Taldearen laguntzarekin, San Huberto Autonomi Txapelketa antolatu du bihar, larunbatean, Etxarri Aranazko Epele dermioan, berriki arrasto txakur txapelketa jokatu zen eremuan bertan. Proba irekia da eta Nafarroako eta inguruneko - Errioxa, Gipuzkoa, Araba, Aragoi... - 15-20 ehiztari inguru espero dira. Proba irekia izateaz gain Nafarroako Txapelketa izango da eta lehen nafarrak txapela jantziko du. Luma txakurren portaera eta besteSan Huberto Txapelketan ehiztaria eta txakurra ariko dira lanean, alboan epailea dutela. Kasu honetan luma txakurrek hartuko dute parte San Huberto Txapelketan, hau da, hegaztietan adituak diren txakurrak, setter eta pointer txakurrak bereziki. Parte hartzaileak eremu batera eramango dituzte eta bertan hiru eper egongo dira ezkutatuta. Jabeen aginduak segituz txakurrak hiru eper horiek aurkitu beharko ditu eta ehiztariak lehenengo biei tiro egin beharko die. Hirugarrenari, aldiz, hegan egiten utzi beharko dio. Nafarroako Ehiza Federazioko kide den Jose Ignazio Urriza bakaikuarrak adierazi digunez, epaileek parametro ugari hartzen dituzte kontuan puntuatzeko garaian: txakurraren geldialdiak nola diren, txakurrak tiroarekiko eta eperraren hegaldiarekiko duen errespetua eta beste. Izan ere, txakurra geldirik egon behar da ehiztarien aginduen esperoan. Esaterako, eperra hegan hasten denean txakurra geldirik egon behar da, eta ehiztariak tiro egin eta haztatzen duenean txakurra geldirik egon behar da eta soilik ehiztariak agindutakoan joan beharko da piezak jasotzera. Hortaz, ehizaz gain, txakurren trebakuntza baloratzen da batipat txapelketa honetan.