Nazabalen seigarren txapela

Guaixe 2010eko ekainaren 7a

Azpeitian jokatutako Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finalean ez zen ezustekorik izan eta Floren Nazabal etxarriarrak bere seigarren txapela jantzi zuen Anjel Arrospideren aurrean erraz gailendu eta gero. Jokoan zeuden sei probetatik bostetan nagusitu zen etxarriarra eta bukaeran bi minututik gorako aldea atera zion Leaburukoari. Bi aizkolariek 12 enbor moztu behar izan zituzten jokoan zeuden 6 probetan. Lehen proban, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagoan moztekoan, Arrospide nagusitu zen. 28 kolpe behar izan zituen Leaburukoak, eta 32 Etxarrikoak. Baina ondorengo lan guztietan Floren Nazabal gailendu zen. 45 ontzakoa erlojuz kontra mozteko lanean 41 segundo behar izan zituen Nazabalek eta bi segundo gehiago gipuzkoarrak. Hirugarren lanean, zutikako kana-erdikoa eta etzandako kana-erdikoa botatzeko lanean, Floren Nazabalen denbora 1:52koa izan zen eta Arrospiderena 2:01ekoa. Laugarren lanean 60 ontzakoa etzanda moztu behar zuten. Arrospidek proba hau irabazteko esperantzak zituen, baina azkenean 1:39an bota zuen Nazabalek, Arrospideri segundo bat aterata. "Proba honetan nik egin dut huts eta berak menderatu nau. Horrek eman dit pena" zioen Leaburukoak. Azken aurreko lanean 60 ontzakoa zutik moztu behar izan zuten, eta Nazabalek lau segundo sartu zizkion Arrospideri. Azken proba jokatu baino lehen 12 segundoko aldea zuen Nazabalek, baina orduan erakutsi zuen bere nagusitasuna. Lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako mozteko 13 minutu eta 46 segundo behar izan zituen, eta Arrospidek, aldiz, 15 minutu eta 55 segundo. Lan guztiak kontuan hartuta 20 minutu eta 16 segundo behar izan zituen Etxarriko aizkolariak, eta 22 minutu eta 37 segundo Leaburukoak. Kontentu zegoen Floren Nazabal. "Irabazitakoan beti gustura egoten da bat. Uste dut lan ona egin dudala, ongi aritu naiz eta txapel bat lortzea beti da gauza ederra" adierazi zion Nazabalek Euskal Herriko komunikabide bati. Etxarriarrak gaineratu zuen kanpotik ematen zuena baino estuagoa izan zela lehia, eta azkeneko probara arte ezin izan zuela alde dezenterik atera. Bere aldetik, galdu arren Angel Arrospide gustura zegoen egindako lanarekin. "Proba irabaztea zen hasierako helburua eta hori lortu dut. Nazabali irabaztea ia ezinezkoa zela banekien, eta horrela izan da. Adin honetan beti izaten da gaizki geratzeko kezka hori, baina uste dut lan on bat egin dudala" azaldu zuen aizkolari beteranoak.  Floren Nazabalek primerako sasoian jarraitzen duela argi geratu da. Egun gainerako aizkolariak baino koska bat gorago dago etxarriarra, baina berak ez du hori horren garbi ikusten, beteranoek sasoiko jarraitzen dutela eta gazteak indartsu datozela uste baitu. Dena dela, oraindik Nazabal luzerako dugu; poztekoa.Finala 1.Floren Nazabal: 20:16 2.Angel Arrospide: 22:17