Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Ehiza Federazioak Etxarri Aranazko Muxar Ehiza Taldearen laguntzarekin San Huberto Autonomi Txapelketa antolatu zuen larunbatean Etxarriko Epele dermioan. Proba irekia eta Nafarroako Txapelketa jokatu ziren. 13 ehiztari lehiatu ziren: 5 nafar, 6 gipuzkoar eta 2 errioxar. Txapelketan ehiztaria eta bere txakurra aritu ziren lanean, alboan epailea zutela. Luma txakurrek hartu zuten parte, hegaztietan adituak direnak; setter eta pointerrak bereziki. Eremu batean ezkutatuta zeuden hiru eperrak aurkitu behar zituen txakurrak eta lehenengo biei tiro egin behar zien ehiztariak. Hirugarrenari, aldiz, hegan egiten utzi behar zion. Epaileek txakurraren portaera baloratzen dute, parametro ugaritan. Izan ere, txakurra geldirik egon behar da ehiztarien aginduen esperoan; tiro egiten duenean, eperrak hegan egiten hasten direnean, etab. Soilik ehiztariak agindutakoan joan beharko dute piezak jasotzera edo eperrak non dauden usaintzera. Nafarroako Ehiza Federazioko kide Jose Ignazio Urriza bakaikuarrak adierazi digunez, oso gutxi ehizatu zen, eremua gogorra baitzen. "Hosto asko zegoen, basoa, eremu gogorra... eta txakur hauek eremu zabalagoetan ehizatzen ohituak daude, zelaietan. Basoan kosta egin zitzaien. Epaileek batez ere txakurrak nola zebiltzan baloratu zuten. Lavillak bi eper ehizatu zituen eta Modesta Iraolak eta Davilak eper bana. Pena izan zen oilagorrak ehizatzen dabiltzan sakandarrak proban parte-hartzera animatu ez izana, primeran moldatuko baitziren, txapelketakoak baina hobe, terreno hauetan ibiltzera ohituta baitaude" zioen. Proba jarraitzen giroa sortu zen; aritu ziren ehiztariak lehiatzen oso ohituta daude eta lehen mailakoak dira. 60 urte pasa dituen Modesta Iraola, esaterako, proba irekiko irabazlea, Espainiako San Huberto txapelduna izan da. San Huberto, Nafarroako Txapelketa 1.Jose Juan Lavilla (Undiano) 2.Fernando Davila (Mendavia) 3.Esteban Grande (Iruñea) San Huberto, proba irekia 1.Modesta Iraola (Billabona) 2.Luis Maiz (Gipuzkoa) 3.Paco Ibañez (Errioxa)