Gazteak festetako kartelgile

Guaixe 2010eko ekainaren 15a

Udako festa aroaren bezperan, asko dira udalek antolatu dituzten Festetako Kartel Lehiaketak. Sakanan esaterako, indarrean daude Etxarri Aranatz, Altsasu, Olatzagutia eta Lakuntzako deialdiak. Bada, Etxarri Aranazko Udaleko Kultura Sailak kartel horiek diseinatzeko tailer praktikoa antolatu du. 8-11 eta 12-16 urteko gazteei egin die eskaintza. Tailerrean herriko jaietarako kartela diseinatzeko aukera izanen dute. IkastaroaArte Ederretan lizentziatua den Patxi Uhartek emanen du ikastaroa. Diseinatzaileak kartelgintzaren ikuspegi nagusiak zabalduko ditu. Bi helburu zehaztu ditu artistak: irudia eta testua landuz, emaitza egokiko kartela sortzea, eta norberaren sormena zabaldu eta jaiei buruzko ikuspegia lan plastiko batean plasmatzea. Zenbait teknika eta errekurtso plastiko landuko ditu: pintura, collage eta estanpazioa. Bertaratzen direnek zenbait materialekin esperimentatzeko aukera izanen dute.Interesatuek gaur arratsaldean, 18:00etan dute hitzordua.