Broadway Etxarri Aranatzen

Guaixe 2010eko ekainaren 18a

Igandean New Yorkeko Broadway kalearen tankera hartuko du Etxarri Aranazko Kale Nagusiak. Manhattaneko kalea bezala, herriko musika ikuskizunen gune nagusia da Etxarriko kalea. Kalearen amaieran, herriko kultur etxean, Broadwayko musikal arrakastatsuenak entzuteko aukera izanen da etzi. Etxarri Aranazko abesbatzak eskainiko du kontzertua.Melodia ezagunakAntzerki musikaletan bat egiten dute musikak, antzerkiak eta dantzak. Etxarri Aranazko abesbatzak osagai horietako bat hartuko du, musika. Broadwayko karteldegian urteak daramatzaten musikaletako melodia ezagunak interpretatuko ditu: Broadway, West side story, El mago de Oz, El libro de la selva eta El fantasma de la opera obretako doinuak entzuteko parada izanen da. Abesbatzak Juan Urdaniz izanen du lagun pianoan eta Amaia Gabirondo klarinetean. Alicia Armendarizen zuzendaritzapean abestuko dute.BroadwayNew Yorkeko kale ezagunetakoa da Broadway. Bertako antzokiek eta musika ikuskizunek ezagun egin dute mundu osoan. Zenbait musikalek urteak daramate karteldegian. Horien artean daude West side story, El libro de la selva eta El fantasma de la opera. Obra horietako melodia ezagunak entzuteko aukera izanen da igandean, Etxarri Aranazko abesbatzaren eskutik.