Rosana Garciandiak kanpo zorrari buruzko tesia aurkeztu du

Guaixe 2010eko uztailaren 1a

San Joan egunean Rosana Garciandia Garmendiak, Nafarroako Unibertsitateko doktoreak, kanpo zorrari buruzko tesia aurkeztu zuen. Etxarriarrak bere tesian jaso duenez estatuen kanpo zorra ez da berria, baina gaur egungo krisian funtsezkoa da. Garciandiaren tesiak La regulación internacional actual de la deuda externa: la importancia del Derecho internacional público y de las instituciones económicas internacionales en el endeudamiento internacional de los Estados izenburua du. Zuzenbide Fakultatean defendatutako tesian Garciandiak azaldu zuenez, "eskualde eta nazioarteko finantza erakundeen ohiko zordun ez ziren Islandia eta Grezia moduko herrialdeak nazioarteko finantziaziora jo behar izan dute, barneko ekonomi zailtasunei aurre egiteko. Horrek gehiegi zorpetzearen inguruko arriskuen inguruan hausnarketa egitea eskatzen du". Guztiengan eraginaBere tesian Rosana Garciandia Garmendiak agerian utzi du kanpo zorra ulertzeko modua eta bere araudia nabarmen aldatu direla, bereziki laurogeiko hamarkadatik aurrera. Garai batean kanpo zorra garapenean zeuden herrialdeekin lotzen zen. "Hori zorraren errealitatearen zati bada ere, finantza krisiak erakutsi du herrialde industrializatuei ere eragin diezaiekeela kanpo zorrak, gehiegi zorpetu direlako". Egungo egoeran, zorraren krisia eragozteko datu positiboak ikusi ditu doktore etxarriarrak: "gaur egun estatuen gainzorpetzearen  arriskuak ezagutzen dira eta maila batzuetatik gora zorpetzea ez da komeni". Garciandiak azaldu duenez, gaur egun zor jasangarri baterantz jotzen dela adierazi zuen, "zordunaren ordaintzeko gaitasuna , barne ekonomiaren egoera eta ongizatea terminoetan kontuan duen estatuko populazioaren egoera". Arrisku horiek ekiditearekin batera, epe motzeko zorra eragotzi behar da. Horrekin batera, Garciandiak ezinbesteko jotzen du zorraren kudeaketa egokiaren garrantzia nabarmendu du: "gardentasun maila handituz, marko instituzional argia, zorraren estrategia argia eta arriskuaren aurreikuspen ona. Horiek guztiak kontuan izan behar dira, egungo krisia kanpo zorraren krisia bihur ez dadin".