Nazabalen lehendabiziko puntuak Txapeldunen Ligan

Guaixe 2010eko ekainaren 28a

Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketa despeditu eta gero, aipatu txapelketan lehen bost postutan sailkatutako aizkolariak - Floren Nazabal, Anjel Arrospide, Donato Larretxea, Juan Jose Lopez Azpilikueta eta Jose Mari Olasagasti - Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligan ariko dira. Denak denen kontra ariko dira eta onena izango da garaile. Txapeldunen liga igandean hasi zen Ondategin. Floren Nazabal txapeldun etxarriarrak Juan Jose Lopez Azpilikueta lezaundarra izan zuen arerio. Bost lanetan 10 enbor erdibitu behar izan zituen bakoitzak, eta etxarriarra izan zen azkarrena, 18:57ko denborarekin eta sei lanetan gailenduz. Bi minutu pasako aldea atera zion Lopez Azpilikuetari (20:58), besteak baino koxka bat gorago dagoela demostratuz. Nazabalek bi puntu jaso zituen eta Lopez Azpilikuetak bakarra. Beste lehian Arrospidek Olasagasti menpean hartu zuen, eta Larretxea ez da oraindik lehian sartu.  Erdozia eta Jauregi Euskal Herriko III. Mailakoan aurreraEuskal Herriko III. Mailako Aizkora Txapelketa abiatu da. Guztira 35 aizkolari ariko dira lehian, hiru multzotan banatuta. Multzo bakoitzak bere kanporaketa jokatuko du, eta multzo bakoitzeko lehen bi onenak sailkatuko dira finalerako. Eta hain zuzen ere Andoainek lehen kanporaketa hartu zuen San Juan egunean. Hamaika aizkolari aritu ziren lehian, tartean Juanjoxe Erdozia etxarriarra, Iban Resano dorrobarra eta Sakanako Aizkora Eskolan formatu den Arkaitz Jauregi arabarra. Hiru txandatan banatuta, aizkolari bakoitzak lau kanaerdiko erdibitu behar zituen. Sailkapena aintzat hartuz, denbora onena Juanjoxe Erdozia etxarriarrak egin zuen (9:10), Arkaitz Jauregi bigarrenari 17 segundoko aldea atereaz (9:27). Iban Resano seigarrena sailkatu zen (12:53). Hortaz, Erdoziak eta Jauregik finalerako txartela lortu dute. Badirudi etxarriarrak galdutako bidea berreskuratu nahi duela, eta ahalegin horretan dabil buru-belarri. Txapelketako bigarren kanporaketa abuztuaren 10ean jokatuko da Aian.