Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Arbizuko San Juan festen inguruan jokatu zen VII. Xiba euskal joko eta jolasen topaketen final handia. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak antolatzen du ekitaldia, euskal joko eta kirolak berreskuratzeko, herrien arteko harremanak euskal giroan sustatzeko eta euskara bulkatzeko. Herrialdeko jaialdiak jokatu ondoren, 10 talde sailkatu ziren final handirako, baina azkenean hiru taldek egin zuten kale eta zazpi talde aritu ziren Arbizuko finalean. Ekitaldia plazan jokatzekoa zen, baina larunbat arratsaldeko euri arriskua zela eta kiroldegian gauzatu behar izan zen Xibako finala. Horrek ikusle kopurua jaitsi zuen, beti politagoa baita herri bateko festen bihotzean aritzea, baina zazpi taldeak gogor lehiatu ziren kiroldegian, primerako giroan. Ordezkari sakandar bakarra zegoen: Etxarri Aranatz. Talde bakoitza 12 pertsonaz zegoen osatua, 6 neska eta 6 mutilez, eta guztiek 13 lan egin behar zituzten, lau multzotan banatuta. Lehen multzoan harria jasotzea, ingudea, lastoa altxatzea eta musa; bigarrenean trontza, koxkolak, txingak eta zakua eramatea; hirugarrenean aras lama (Guinea Berriko jolasa), xiba, dantza eta egur meta; eta laugarren multzoan soka tira. Irabazleak Zizurkil eta Asteasu izan ziren, hirugarrena Idiazabal eta laugarrena Etxarri Aranatz. Atzean sailkatu ziren hurrengoak. Finala despeditzerakoan parte hartzaile guztiek afari gozoa izan zuten Arbizuko plazan, eta ondoren sari ematea izan zen: lehendabiziko hiru taldeendako txapelak eta parte hartzaile guztiendako Xibak prestatutako egutegia. Izan ere, Josu Naberan ikertzaileak ondorioztatu du euskal egutegia ilargiaren araberakoa zela, guk erabiltzen dugun eguzkiaren araberakoa baizik, eta Xibak ilargiaren araberako egutegia egin eta banatu zien parte hartzaile guztiei. "Jendea gustura geratu zen Arbizun jokatutako finalarekin. Eguraldiagatik kalean ez aritzea pena izan zen, kale giro hori galdu zelako, baina frontoian gustura aritu ginen, eta afarian ere, zer esanik ez" adierazi du Xibako arduradun Jon Rovirak.