Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranazko 6 Racing Team eskuderian dabilen German Cabrera pilotu nafarra Espainiako Karting Txapelketan ari da. Asteburuan Huelvako Cartaya zirkuituan jokatutako proban saihets-hezurretako lesioarekin aritu behar izan zen Cabrera, min handiarekin, eta hala ere lasterketetan aritu zen, meritu handiz. Eskuderiakoak lan gehiago izan zuten pilotuaren jarlekua forratzen, lasterketa bera prestatzen baino. Osteguneko eta ostiraleko entrenamendu libreetan laugarrena eta hirugarrena izan zen Cabrera, baina lesioak okerrera egin zuen. Larunbateko entrenamendu ofizialetan bendaje berezi batekin aritu zen eta zazpigarrena izan zen. Postu horretatik atera zen lehen mangan, eta 10. postuan iritsi zen helmugara. Bigarren mangan kart batek atzetik eman zion eta manga utzi behar izan zuen. Igandean 25. postutik atera zen eta 13.a eta 9.a sailkatu zen jokatutako bi lasterketetan. "Cabrerak egindakoa izugarria da, bederatzigarrena sailkatu baita duen lesioa izanda eta minduta zegoela kontuan hartuta. Arazorik gabe egongo balitz nork daki zer eginen lukeen" dio 6 Racing Team taldeko zuzendari Asier Ijurra etxarriarrak.Kataluniako hurrengorako probarako pilotua errekuperatzea da Etxarriko eskuderiaren nahia.