German Cabrera podiumean

Guaixe 2010eko uztailaren 21a

Etxarri Aranazko 6 Racing Team taldean dabilen German Cabrera pilotuak, bi hirugarren postu lortu zituen asteburuan Tarragonako Circuit de Moran jokatutako Kataluniako Karting Txapelketako bosgarren proban. Eskuderiako zuzendari Asier Ijurrak dioenez, entrenamendu libreetan arazoak izan zituzten txasiaren konfigurazioa zela eta. "Larunbateko lasterketako bi probatan ez genuen lortu karta zirkuituari ongi heltzea". Horrela, bosgarren postua lortu zuen Cabrerak, lehendabizikoetatik tarte nahiko handira. Baina igandean gauzak hobetu egin ziren. Cabrera hirugarrena izan zen jokatutako bi mangatan, eta oso ongi eutsi zien bere atzetik hirugarren postuagatik borrokan aritu ziren lau piloturi. Azkenean podiumera igo zen Cabrera, hirugarren postuarekin. Irailera arte atseden hartuko dute 6 Racing Team eskuderiak eta German Cabrera pilotuak. Espainiako Karting Txapelketan saihetsetan izan zuen lesioagatik behar bezala errekuperatzeko aprobetxatuko du pilotuak, eta horretaz gain, entrenatu eta karra behar bezala prestatzeko aprobetxatuko dute taldean.