Aitor Zubietaren primerako asteburua

Guaixe 2010eko uztailaren 26a

Bestalde, Aitor Zubietak sekulako asteburua burutu du, eta protagonista handia izan da. Publikoa erakartzeko Asegarcek eta Aspek egindako esperimentuaren barruan, ostiralean Oreretan Titinekin osatu zuen bikoa Etxarri Aranazko atzelariak, eta Martinez de Irujo eta Laskurain izan zituzten aurkari. Bada, Zubieta izan zen partidan diferentziak ezarri zituena. Sekulako partida jokatu zuen Etxarrikoak eta lehiako onena izan zen. Irujo eta Titin artean zeudela kontuan hartuta harrigarria da, baina hori da gertatu zena. Aritz Laskurain goitik behera dominatu zuen Zubietak eta Titinek primeran aprobetxatu zuen egoera. 11-22 nagusitu ziren Titin eta Zubieta. Martinez de Irujok inpotente ikusi zuen bere burua eta noraezean aritu zen. Partida bukaeran eskuarekin kolpea jo zion aldageletako ateari eta min hartu zuen, puntuak josi behar izan zizkioten. Aste bat inguru eman beharko du jokatu gabe. Eta atzo, Ermuan, Binakako txapeldunak sasoi betean daudela erakutsi zuten berriz, Titin III.ari eta Laskuraini 8-22 irabazi baitzieten Xalak eta Zubietak. Oporretatik bueltan freskotasun handia eta kolpe bikaina erakutsi zituen Xalak, eta Zubietak atzera ere sekulako maila eman zuen atzean, eta Laskurain menpean hartu zuen. Ostiralean etxarriarraren bikoa eta atzo arerio izan zen Titin  noraezean eta jenio biziz aritu zen.