Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkenean Alberto Contador, Andy Schleck eta Denis Menchov igo dira Frantziako Tourreko podiumera. Contadorrek 39 segundo atera dizkio Schlecki, 2:02 Menchovi eta 3:40 azkenean laugarren sailkatu den Euskaltel-Euskadiko Samuel Sanchezi. Pirinioetan pareko ibili ziren Contador eta Schleck eta espainiarra erlojupekoan hobeto moldatzen denez Tourra berarendako izango zela argi zegoen, baina hala ere espainiarrak erlojupekoan asko sufritu behar izan zuen, une batean Schleck 6 segundo aurretik izan baitzuen, baina azkenean 31 segundo atera zizkion. Sailkapen orokorrean 39 segundo atera dizkio Schlecki, kasualitatez Schleckek katea atera zitzaionean galdu zuen kopuru bera. Ildo honetan, txirrindulariek izan beharreko jokaera etiko edo fair play-aren inguruan polemika handia piztu da, eta denetariko iritziak daude. Hirugarren postua zen airean zegoena. Samuel Sanchezek, tamalez, erlojupekoan ezin izan zion hirugarren postuari eutsi, Euskaltelekoak Menchovekiko zuen 21 segundoko errenta ez baitzen nahikoa izan. Azkenean minutu bat eta 20 segundoko errenta atera dio Menchovek. Nahiz eta penatuta egon, kontzientzia lasaia zuela adierazi du Euskaltelekoak, "bizikleta gainean dena eman duelako". Bere aldetik, Contadorrek azaldu du Tour zaila izan dela aurtengoa eta bera ez dela "nahi zuen bezain ongi egon". Schleckek azpimarratu du "hurrengo urtean maillot horiarekin itzuliko dela Parisera" eta guztiak poz-pozik igo ziren podiumaren gainean. Taldeka Lance Armstrongen RadioShack gailendu da. Azken etapan, aldiz, Mark Cavendish esprinterra nagusitu zen, eta bere bosgarren garaipena lortu zuen. Txirrindulari sakandarrei dagokienez, Tour ona egin dute eta talde gizon bikainak direla, konfiantza osokoak, demostratu dute atzera ere. Gorka Verdugo 36.a izan da, 1:10:09ra, lehen nafarra, eta Egoi Martinez 40.a, 1:19:09ra. Samuel Sanchezen alde sekulako lana egin dute eta eurendako ere pena izan da asturiarra podiumean igo ez izatea. Aurten estreinatu den Caisseko Imanol Erbiti, aldiz, 77.a sailkatu da, 2:19:15era. Hasiera batean Valverderi laguntzea zen bere asmoa, baina Valverde ezin izan da Tourrean aritu eta helburuak aldatu behar izan zituen Caissek, eta hortaz, taldea ez da ere gehiegi nabarmendu. Oraindik ez da denboraldia bukatu, eta besteak beste Espainiako Vuelta eta hainbat proba daude tarteko, baina txirrindularien dantza hasi da. Zein taldek jarraituko duten, zein txirrindulari mugituko diren... heldu diren egunetako kontuak izanen dira.