Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburu bikaina borobildu du Aitor Zubieta pilotariak, asteburuan jokatutako bi lehiak irabazi eta gero, atzo ere gailendu baitzen. Aritz Lasarekin osatu zuen bikoa Aitor Zubietak, Titin eta Goñi III.aren kontra egiteko. Titinendako lau egunetan jokatutako laugarren partida zen Ordizikoa, eta Aritz Lasa eta Aitor Zubietarendako hirugarrena. Hala ere, guztiak dena ematera atera ziren kantxara. Lasa eta Zubieta nagusitu ziren, baina biak izugarri sufritu behar izan zuten Titin eta Goñi menpean hartzeko. 22-19 nagusitu ziren, baina partida oso parekoa izan zen. Horren isla, 14 aldiz berdindu zuten markagailuan, azkena 18na berdindu zutenean, baina hortik aurrera gazteak gailendu ziren. Atseden gutxi hartu ahal izango du Zubietak, larunbatean beste lehia inportantea jokatuko baitu Azpeitian. Aspe eta Asegarceren pilotariak nahastuz osatuko dituzte atzera ere bikoak. Berasaluze VIII.a izango da Aitor Zubietaren bikoa, eta beste biko ikusgarri baten kontra aritu beharko dute: Martinez de Irujo eta Beloki. Egun horretarako eskuko lesioaz guztiz osatuta egonen da Irujo.