Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean Euskal Herriko III. Mailako Aizkora Txapelketa finala jokatu zen Orozkon. Aurreko kanporaketetan aritutako 29 aizkolarietatik sei onenak aritu ziren: Julen Kañamares, Unai Otaño, Asier Pellejero, Xabier Zaldua, Sakanako Aizkora Eskolan prestatu den Arkaitz Jauregi arabarra eta Juanjoxe Erdozia etxarriarra. Bost pago-enbor erdibitu behar izan zituzten, hiru kanaerdiko eta bi 60 ontzako. Bi urtez txapelketa ofizialetatik kanpo izan ondoren, eta nabarmen gora eginez Ibarrako Unai Otañok jantzi zuen txapela (12:57). Minutu bat eta 41 segundoko aldea atera zion Xabier Zalduari (14:38). Hurrengo urtean biak Euskal Herriko II. mailan ariko dira. Bestalde, Juanjoxe Erdozia etxarriarra txukun hasi zen baina lanak aurrera joan ahala atzeratu egin zen. Azkenean, bosgarrena izan zen, azkenaurrekoa (17:09), Arkaitz Jauregiren atzetik (15:44). Hurrengo urtean Euskal Herriko III. mailan jarraituko dute biek. Sailkapena: 1. Unai Otaño: 12:57 2. Xabier Zaldua: 14:38 3. Julen Kañamares: 15:36 4. Arkaitz Jauregi: 15:44 5. Juanjoxe Erdozia: 17:09 6. Asier Pellejero: 18:23