Nazabal Larretxea baino gehiago

Guaixe 2010eko irailaren 6a

Urrezko Aizkolari Txapeldunen Liga aurrera darrai. Jakina denez, Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketan lehen bost postutan sailkatutako aizkolariak ari dira: Floren Nazabal, Anjel Arrospide, Donato Larretxea, Juan Jose Lopez Azpilikueta eta Jose Mari Olasagasti. Denak denen kontra aritu beharko dira eta onena izango da garaile. Momentuz bost jardunaldi jokatu dira. Igandean lehia ikusgarria jokatu zen Alonsotegin. Nazabal eta Larretxea aritu ziren elkarren kontra, arerio gogorrenak, hain zuzen. Lehia estua izan zen, baina etxarriarrak ez zuen amorerik eman eta bera izan zen onena jokatutako bost probetan - 45 ontzakoa zenbat kolpetan moztu; 45 ontzakoa erlojuaren kontra moztu; 45 ontzakoa zutik eta 45 ontzakoa etzanda erdibitu; 60 ontzakoa etzanda ebaki; kanaerdikoa zutik erdibitu; eta 4 kanaerdiko moztu - . Lan guztiak egiteko 15 minutu eta 49 segundo behar izan zituen etxarriarrak, Donato Larretxeari minutu pasa atereaz (17:18). Momentuz Nazabalek dauzka puntu gehien Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligan, baina txapelketa ez da inondik inora erabaki. Nazabalek sei puntu dauzka, Larretxeak eta Arrospidek hiruna, Olasagastik bi eta Lopez Azpilikuetak bat. Asteazkenean bi jardunaldi jokatuko dira  Urdulizen eta Ordizian, eta asteburuan beste hiru Udondon, Laguardian eta Legutianon. Floren Nazabalek igandean jokatuko du Laguardian, 12:00etan, Olasagastiren kontra. Ea etxarriarrak bide beretik jarraitzen duen.