Joxe Aldasoro Jauregi atxilotu du Guardia Zibilak

Guaixe 2010eko irailaren 14a

Espainiako Barne Ministerioak sarekadaren ondoren zabaldu duenez, Guardia Civilak Ekinen nazio zuzendaritza desegin du eta ETAri . Bederatzi pertsona atxilotu ditu Ekineko zuzendaritzako kide izateagatik, tartean Joxe Aldasoro Jauregi etxarriarra. Guardia Civilak beste zortzi pertsona atxilotu ditu gaur goizaldean. Guztiei ere Ekinen zuzendaritzako kide izatea leporatzen diete. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epaileak agindu eta zuzendu du operazioa. Joxeren anai Juan Cruz ere atxilotu dute desordena publikoak egotzita.AtxiloketakGaur goizean atxilotu ditu Guardia Civilak bi anaiak. Operazioa goizaldeko hiruetan hasi dute. Familiako etxearen ondoan dozena erdi bat patrol gelditu portaleko atea zabaldu eta atxilotuen gurasoen etxera jo dute Guardia Civilek. Haren amari Joxez galdetu diote eta han ez zegoela esan die. Guardia Civilak beheko solairura jaitsi da Juan Cruz Aldasoro Jauregiren etxera. Hark miaketa agindua eskatu die eta ikusi du gurasoen etxea miatzeko agindua besterik ez zela. Guardia Civilarekin ika-mika izan du eta atxilotuta eramanen zutela esan diote. Antza, orduan epaitegiko idazkaria iritsi da eta Guardia Civilei esan die agindu harekin ezin zirela Juan Cruzen etxean sartu. Zaratengatik Joxe Aldasoro Jauregi zaratekin esnatu eta portalera atera denean atxilotu dute. Hiruak aldera izan da hori. Bere etxea miatzeko agindua jaso bitartean, 9:20ra arte, etxe aurrean aparkatuta egon den patrol batean izan dute atxilotuta. Bitartean Guardia Civilak Derry taberna hiru bat orduz miatu du. Handik musikarako disko gogorra, kanpo-memoria eta ordenagailu txiki bat eraman dute. Tarte horretan ere, senideak gurasoen osasunaz arduratuta larrialdi zerbitzuetara hots eginez egon dira, mediku edo erizainen bat joan zedin. Guardia Civilek 10:45ean eraman dute Juan Cruz Aldasoro atxilotuta. Haren amari esan diotenez Guardia Civil bat erasotu omen du. 11:35 aldera gauza bera egin dute Joxerekin. Bi anaiak ere etxetik bulkaka eta burua makurrarazita atera dituzte. Joxe eraman aurretik zenbait Guardia Civilek kutxa batzuk jaitsi dituzte. Atxiloketen berri azkar zabaldu da Etxarrin eta bi anaiak eraman dituztenerako ehun bat pertsona baziren Guradia Civilaren operatiboaren inguruan. Atxilotuei animu oihuak bidali dizkiete. Juan Cruz eramateko unean tentsio uneak sortu dira eta Guardiak kargatzekotan egon dira. Atxiloketagatik protesta egin duen anai bati aurpegian espraia bota diote.  AtxilotuakJoxerekin batera honakoak atxilotu dituzte: Araban, Egoitz Garmendia eta Urko Asier Aierbe, biak Gasteizen; Bizkaian, Erika Bilbao Erandion, eta Sandra Barrenetxea, Bilbon; Gipuzkoan, Ugaitz Elizaran, Donostian; Nafarroan, Rosa Iriarte Iruñean, eta Joxe Aldasoro Etxarrin; Nojan Anaiz Ariznabarreta atxilotu dute; eta, Valentzian, Eneko Compains.Ekinen aurkako prozesua2007ko abenduan, 18/98 prozesuaren baitan Espainiako Auzitegi Nazionalak 11 lagun zigortu zituen Ekineko kide izateagatik, eta beste lau errugabetu zituen. Guztira, 52 pertsona epaitu zituen 18/98 prozesuan, eta haietatik 47ri 2 eta 24 urte bitarteko kartzela zigorrak ezarri zizkien. "ETAren zati" izatea leporatu zien epaitegiak. Udalak atxiloketak bilkuran aztertuko ditu. Lehenik dagoen informazioa bildu eta bilkura noiz egin erabakiko dute gero. IritziakEspainiako Barne Ministerioaren arabera "egitura terroristako erakundeetan agintzeko gaitasunean ETAri kolpe handia eman zaio".  Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM), bestalde, adierazi du "polizia operazio honen xedea Euskal Herrian loratzen ari den aro politiko berria zapuztea" dela, horretarako tresna errepresioa dela nabarmendu du. Antzeko operazioak aurreikusi ditu AAMk eta "errepresioa eragoztera" deitu du. Azkenik, mobilizazioetan  parte hartzera deitu du. Hainbat erakunde, bestalde,atxilotuek inkomunikazio aldian jasoko duten tratuagatik kezka azaldu dute.